Murumendi ikastetxean ere ospatu dute Euskararen Eguna
Euskararen Eguna Murumendi ikastetxean Murumendi ikastetxean hainbat ekintza egin dituzte Euskararen Eguna ospatzeko. Ikastetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, “ilusio handiz aritu dira aurten ere ikasleak ekintzak antolatzen”. Hala, o...
Murumendi ikastetxean hainbat ekintza egin dituzte Euskararen Eguna ospatzeko. Ikastetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, “ilusio handiz aritu dira aurten ere ikasleak ekintzak antolatzen”. Hala, ostiral goizean ipuin kontalaria izan zuten ikastetxean, eta ondoren gaztaina jana egin zuten.
Arratsaldean, berriz, ikasleek prestatutako hainbat kanta eta bertso entzuteko, eta beste hainbat antzerki eta dantza ikusteko aukera izan zuten ikasleek eta irakasleek. Eskulanak ere egin zituzten.
Gurasoentzat ere bai
Ikasleek ez ezik, gurasoek ere ospatu zuten Euskararen Eguna Murumendin. Normalkuntza Batzordea osatzen duten gurasoek baserritar jantzia oinarri hartuta ikastaroa egin zuten, jantzien ezaugarriak eta ezaugarri horien zergatik ikasiz. Mutilei gerrikoa eta neskei buruko zapia nola jarri ere ikasi zuten, eta baita abarkak lotzen ere. Gabonetako abestien entsegua ere egin zuten ostiralean.
Murumendiko zuzendaritzak jakinarazi duenez, Normalkuntza Batzordeak antolatutako ekintzen bidez ikastetxeko kide guztien partaidetza bilatu nahi izan dute: ikasleena, irakasleena eta gurasoena. Hala, antolatu dituzten ekintza guztien helburua eskola orduetatik kanpo ere euskara erabiltzea dela esan dute.














