Teknologia, etxeko etsai edo laguna?
Urte gutxian aldaketa handiak izan dira teknologiari dagokionean. Duela gutxi arte etxebizitzetan etxetresna elektrikoez gain, telebistak eta irratiak zeuden bakarrik. Orain, bi horiez gain, familia askok, ordenagailua, telefono mugikorrak, bideojokoak, iPad-a, iPod-a, iPhone-a, wii-a… dituzte. Esan daiteke, beraz, belaunaldi gazteak teknologia berriak besapean dituztela jaiotzen direla, eta orokortzerik ez dagoen arren, normalean gailu horiekiko interesa agertu ohi dute etxeko haurrek eta gazteek. Fernando Olabarrieta Etxadiko psikologoak Ezkio-Itsason emandako hitzaldian aipatu zuenez, teknologia berrien erabilera egokiak seme-alabengan ondorio positiboak izan ditzake. Horrela, telebista, ordenagailua, bideojokoak, Internet eta telefono mugikorra ezagutza berrien iturri dira. Interneten eta ordenagailuen erabilera egokiak lexikoa handitzen eta hizkuntza aberasten lagundu dezake. Telefono mugikorrak eta Internetek, pertsonen arteko komunikazioa eta erregulazio emozionala erraztu ditzake. Ordenagailuak gaur egungo gizartearen funtzionamendua hobeto ulertzen lagundu diezaieke haurrei eta gazteei, eta bideojoko egokietan garatzen diren jarduerak, berriz, garapen psikologikorako onuragarriak izan daitezke. Eragin negatiboak Olabarrietak esan zuenez, teknologia berriek eragin negatiboak ere izan ditzakete, ordea, modu egokian erabiltzen ez badira. Esaterako, menpekotasuna eta autokontrolerako zailtasunak eragin ditzakete. Telebistak eta bideojoko desegokiek portaera ez aproposak imitatzea erraztu dezakete, «benetako munduaren eta fikzioaren arteko bereizketa zailago eginez», gehitu du psikologoak. Telebista eta Interneten erabilera desegokiak, sexualitateari buruzko ikuspuntu irreala eskaini dezake, «bi pertsonen arteko [...]
Urte gutxian aldaketa handiak izan dira teknologiari dagokionean. Duela gutxi arte etxebizitzetan etxetresna elektrikoez gain, telebistak eta irratiak zeuden bakarrik. Orain, bi horiez gain, familia askok, ordenagailua, telefono mugikorrak, bideojokoak, iPad-a, iPod-a, iPhone-a, wii-a… dituzte. Esan daiteke, beraz, belaunaldi gazteak teknologia berriak besapean dituztela jaiotzen direla, eta orokortzerik ez dagoen arren, normalean gailu horiekiko interesa agertu ohi dute etxeko haurrek eta gazteek.
Fernando Olabarrieta Etxadiko psikologoak Ezkio-Itsason emandako hitzaldian aipatu zuenez, teknologia berrien erabilera egokiak seme-alabengan ondorio positiboak izan ditzake. Horrela, telebista, ordenagailua, bideojokoak, Internet eta telefono mugikorra ezagutza berrien iturri dira. Interneten eta ordenagailuen erabilera egokiak lexikoa handitzen eta hizkuntza aberasten lagundu dezake. Telefono mugikorrak eta Internetek, pertsonen arteko komunikazioa eta erregulazio emozionala erraztu ditzake. Ordenagailuak gaur egungo gizartearen funtzionamendua hobeto ulertzen lagundu diezaieke haurrei eta gazteei, eta bideojoko egokietan garatzen diren jarduerak, berriz, garapen psikologikorako onuragarriak izan daitezke.
Eragin negatiboak
Olabarrietak esan zuenez, teknologia berriek eragin negatiboak ere izan ditzakete, ordea, modu egokian erabiltzen ez badira. Esaterako, menpekotasuna eta autokontrolerako zailtasunak eragin ditzakete. Telebistak eta bideojoko desegokiek portaera ez aproposak imitatzea erraztu dezakete, «benetako munduaren eta fikzioaren arteko bereizketa zailago eginez», gehitu du psikologoak.
Telebista eta Interneten erabilera desegokiak, sexualitateari buruzko ikuspuntu irreala eskaini dezake, «bi pertsonen arteko harreman afektiboan zentratzen ez den ikuspuntua, alegia». Internetek eta telefono mugikorrak, familia arazoen aurrean ihesbide gisa ager daitezke. Bestalde, mugikorretan hizkera desegokia erabiltzeak, ohitura linguistiko txarra eskuratzea erraztu dezake.
Telebista
Teknologia berriek eragin negatiboak izan ez ditzaten, erabilera egokirako jarraibideak zeintzuk diren azaldu zuen Olabarrietak. Telebistari dagokionean esaterako, Etxadiko psikologoak uste du telebista ikusteko denbora, adinaren, etxeko-lanen, eskolaz kanpoko jardueren eta denbora librearen arabera egokitu behar dela. Gurasoek beraz, seme-alabek telebistaren aurrean pasatzen duten denbora kontrolatu egin behar dute, eta zenbait gauza ekidin behar dituzte: otorduetan telebista piztuta egotea, errutina bezala piztea, eta beraz, beti piztuta edukitzea eta telebista bakarka ikustea. Denbora kontrolatzeari dagokionean, Olabarrietaren ustez irizpideak kualitatiboa izan behar du eta ez horrenbeste kuantitatiboa. «Esaterako telebistan programa hezgarri bat ematen ari badira eta bi orduko iraupena badu, denbora horretan telebista ikustea egokia litzateke, baina alderantzizko kasuan ez». Gainera, asteburuetan telebistaren aurrean pasatutako denbora astean zehar pasatzen denaren desberdina izan behar da bere ustez. «Beste irizpide batzuk erabili behar dira, entretenigarria izatea adibidez. Hau da, modu malguago batean ikusiko dute. Helduok ere egiten dugu hori, denbora libre gehiago baitugu asteburuan. Hori bai, beste ekintza batzuk egitera ere bultzatu behar ditugu».
Ikusi nahi dena hautatzea eta aldez aurretik programen edukiei buruzko informazioa lortzea gomendatzen die gurasoei. «Programa horiek, haurraren edo nerabearen garapen mailari egokituak izan behar dute». Eduki baldarreko programak ikus ez ditzaten saiatu behar dira gurasoak, edota ikusten badituzte beraiekin batera egon eta egokiak zergatik ez diren azaldu behar diete. Telebista familian ikustea garrantzitsua da, besteak beste, seme-alabei programa eta publizitateko edukiak aztertzen laguntzeko, errealitatea eta fantasia bereiz dezaten lortzeko, ezezaguna dena erraztasun handiagoarekin ulertzeko, pantailan agertzen denari buruzko gaitasun kritikoa garatzeko eta hazten diren heinean, telebistarekiko kontsumo aproposa egiten ikasteko.
Ordenagailua
Ordenagailuaren kasuan, Olabarrietak uste du gurasoek piztu eta itzaltzeko ordutegia eta iraupena ezarri behar dituztela. «Garrantzitsua da baita ere seme-alabei aspektu tekniko eta posturaletan ordenagailua ondo erabiltzen irakastea.
Internet eta sare sozialak
Olabarrietaren iritziz, gurasoek Internet erabiltzen jakin behar dute beraien seme-alabei aukera hori eskaini baino lehen. «Egokia da elkarrekin nabigatzea, eta kontsultatutako edukiak komentatzea, baita Internet etxeko-lanak errazteko tresna gisa eta, era berean, entretenimendu gisa erabiltzen irakastea ere».
Babes sistema gisa, berriz, eduki ez aproposentzako filtroak erabiltzea gomendatzen die «batez ere haur txikientzat. Horrela, komenigarriak ez diren lekuetara sartzea saihestuko dute gurasoek». Interneten bidez ezezagunekin harremanetan jartzeak dakartzan arriskuei buruz informatu egin behar dira seme-alabak, ezezagunekin hitzorduak ezartzea burutik kenduz. Bestalde, gurasoek gainbegiratu gabe gazteek erosketarik ez dutela egin behar dio Olabarrietak.
Sare sozialen arriskuei buruz hitz egitean, aipatu zuen ezezagunak diren kontaktuak erraztasunez atxikitzen direla, oso ezagunak ez diren funtzioak dituztela, eta, gainera, erakargarriak direla. Sare sozialetan argitaratutakoak oihartzun azkarra eta zabala duela, informazio asko ematen dutela eta kontuen pribatutasunaren konfigurazioa zailtzen dutela ere esan zuen. Guzti hori kontutan izan behar dute gurasoek.
Bideojokoak
Bideojokoekin jolasteko muturreko debekatze jarrerak erabiltzea ekidin egin behar dute, Olabarrietaren iritziz, «bideojoko aproposek orientazio espazio-denborala, arreta, erreflexuen azkartasuna eta oroimena sustatzen baitute eta kontzentrazioa indartzen baitute». Gainera, Olabarrietaren arabera, ume eta nerabeentzako teknologia informatiko berrietara sarrera dira, «gaur egungo gizartean oinarrizkoa dena. Garrantzitsua da, ordea, merkatuan dauden joko hezigarriak erostea eta kasu horretan ere, ordutegia negoziatzea». Bestalde, lehenengo joko saioetan gurasoei seme-alabekin egotea gomendatzen die.
Telefono mugikorrak
Olabarrietak uste du umeek ez dituztela telefono mugikorrak «behar», denbora gehiena gurasoekin edo eskolan egiten baitute, eta eskolan daudenean, gertatzen den edozein gertakari familiari adierazteko aukera dagoelako. Egungo ikerketen arabera, haurrek mugikorrak sasoi aurretik erabiltzeak helduen portaerak hartzea indartzen du «modu horretan, haurrek ez dute beraien haurtzaroa osorik bizitzen».
Olabarrietaren arabera seme-alabei mugikor bat emateko momentu egokia beraien bizitza soziala independenteagoa izaten hasten denean izango da, «eta mugikorra beti komunikazio elementu bat bezala erabiliko dute, bai gurasoekin eta baita lagunekin ere». Gurasoek balio hezgarria duten kontsumo eta erabilera arau batzuk adostu behar dituzte seme-alabekin: kontsumo ekonomiko mugatua, deien bataz besteko iraupena eta mezu kopurua. Ez zaie mugikorra erosi behar beraien lagunek badutelako eta etengabeko modelo aldaketak ere saihestu egin behar dira. «Seme-alabei aldizkako diru kopurua ematen badiegu, garrantzitsua da adostutako mugatik pasatzen den kantitatea paga horretatik kentzea». Gazteei beste komunikazio eta aisialdi aukera batzuk ere eskaini behar zaizkie, sozialki ez isolatzeko eta autonomia arduratsua errazteko.











