Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketak urtarrilera bitartean egingo dituzte
Abian da dagoeneko Euskal Herriko IV. Mus Txapelketa, eta urteroko moduan, lehendabizi herrietako kanporaketak jokatuko dituzte. Euskal Herriko beste hainbat herrik bezalaxe, Goierriko herriek ere urtarrilaren 31ra bitarteko epea dute kanporaketak egiteko.
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako edonork parte hartu dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen duten lekuan agertzearekin eta han izena ematearekin nahikoa du. Bikote bakoitzak hogeina euro jarri beharko ditu.
Sariei dagokionean, parte hartzaile bakoitzak ardo botila bana jasoko du oroigarri gisa. Tokian tokiko antolatzaileek jarritako sariak ere eskuratu ahal izango dituzte. Horrez gain, herrialdeko kanporaketan parte hartzeko aukera izango dute zenbait bikotek. Parte hartze kopuruaren arabera zehaztuko dituzte herri bakoitzeko ordezkariak. Horrela, 4 bikotetik 10 era bitartean parte hartzen duten herrietatik bikote bakarra joango da herrialdera; 11tik 18 bikote artean bi bikote, 19tik 25 bikote bitartean hiru bikote eta 26 bikotetik gora parte hartu duten herrietatik berriz, lau bikote.
Herrialdeetako kanporaketak 2012ko otsailaren 24an, 25ean eta 26an izango dira. Zazpi herrialdeetan jokatuko dituzte kanporaketak.
Herrialdeetako irabazleek txapelak eta garaikurrak etxeratuko dituzte. Herrialde bakoitzean sari bereziak ere banatuko dituzte irabazleen eta parte hartzaileen artean. Horrez gain, hainbat bikotek finalerako txartela lortuko dute. Herrialde bakoitzetik gutxieneko ordezkaritza finkatuko dute, eta gainerako kideak parte hartze kopururaren arabera zehaztuko dituzte. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 2011an Arabatik 16 bikote sailkatu ziren, Bizkaiatik 16, Nafarroa Garaitik 32, Gipuzkoatik 32, Lapurditik 14, Behe Nafarroatik 12 eta Zuberoatik 4 bikote.
Finala, Arbizun
Finala aurten Arbizun (Nafarroa Garaia) egingo dute 2012ko martxoaren 17an. Goizean zein arratsaldean jokatuko dute, eta bertan bazkalduko dute parte hartzaileek. Jai giroa izango da, beraz, bertan.
Bikote irabazleak garaikurra, txapela eta 3.000 euro eskuratuko ditu. Eta Eroski Bidaiak-en eskutik, nazioarteko bidaia lau lagunentzat. Bigarren egiten duen bikoteak garaikurra, 1.500 euro esku dirutan eta bi lagunentzako bidaia etxeratuko ditu. Hirugarren sailkatzen den bikoteak 750 euro lortuko ditu esku dirutan, eta asteburuko egonaldia Lesakako Atxaspi Hotelean. Laugarren sailkatzen den bikoteak 500 euro eta AEKn euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula etxeratuko ditu.
Bosgarren postutik hamaseigarren postura arte sailkatzen diren bikoteek ere jasoko dituzte sariak.
Euskal Herriko Mus Federazioa helburu
Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen Iparra-Hegoa elkartea hasi zen 2002. urtean. Bide beretik, aspalditik zeraman Orreaga Fundazioak Nafarroako mus txapelketa antolatzen. Bai Euskal Herriari ekimenarekin batera, hiru eragileek Euskal Herri osoko muslariak biltzeko gune bat sortzea adostu zuten. “Euskal Herrian mus jokoa, mahai jokoetan zabalduena izaki, eta jakinik hainbat modutara jokatzen dela, oztopoak gainditu eta elkar hartzea helburu duen egitasmoa indartzeko erabakia hartu genuen”. Bide horretan hainbat elkarteren, talderen eta norbanakoen laguntza jaso dute antolakuntza lanetan. Poliki-poliki “Euskal Herrian bizi dugun zatiketa” gainditu, eta bide berriak josteko sortu dute Euskal Herriko Mus Txapelketa. “Horregatik antolatzen dugu, herriz herri”.
Bestalde, aipatu mus txapelketaren antolatzaileak Euskal Herriko Mus Federazioa sortzeko urratsak ematen ari direla.














