Garbiketa baino askoz gehiago
Legazpiko industrialdeako garbigunea martxan dago. Asmo berezi bat du gainera: buru osasuneko gaixotasunak dituzten pertsonei laguntzea. Erramun Beltza legazpiarrak eta beste kide batek 2001. urtean abiarazi zuten Segihiru proiektua. Buru osasun gaixotasun bat zuten senitartekoei laguntzeko helburuz hasi zuten proiektua. «Senideek aurre egin genion egoerari» dio Beltzak. «Senide gaixoaren egoera normalizatu egin nahi genuen. Egungo gizarteak lanaren arabera aitortzen dizu balioa, eta proiektu edo lan honekin, balio duzu esaten diozu. Etxeko sofan egon beharrean, balio dut esaten du berak ere». 2001. urtean Donostian hasi ziren, autoetako bateriak jaso, desmuntatu eta aluminioa ateratzen. «Lan duin bat izatea nahi genuen, soldata batekin, ez denbora pasa bat, haiek ere konturatu egiten baitira». Pausu «motelak» izan zirela oroitzen du, baina hasiera hartatik, egun 36 langile izatera pasa dira. Askotariko arloetan aritzen dira: material arriskutsuen tratamenduan, dokumentuen suntsiketan, landare inbaditzaileen garbiketan, errautsak gordetzeko zeramikazko kutxa disolbagarriak egiten, txakurrentzako hotel batean, eskuz egindako adreiluak egiten, panteoien garbiketan… Imaginazioa erabiltzen dute, bai lanak aukeratzerako orduan, bai egiterakoan. «Errautsentzako kutxaren diseinurako, adibidez, Burgostik Baionara bitarteko museo guztiak bisitatu genituen» dio ekintzaile legazpiarrak. Egun, Europara garraiatzen dituzte ontziak. «Lehendik ez dauden lanak bilatzen ditugu, ezin baikara inorekin lehiatu. Kalitatea bai eman dezakegu, baina denbora behar dugu horretarako. Behar [...]
Legazpiko industrialdeako garbigunea martxan dago. Asmo berezi bat du gainera: buru osasuneko gaixotasunak dituzten pertsonei laguntzea.
Erramun Beltza legazpiarrak eta beste kide batek 2001. urtean abiarazi zuten Segihiru proiektua. Buru osasun gaixotasun bat zuten senitartekoei laguntzeko helburuz hasi zuten proiektua. «Senideek aurre egin genion egoerari» dio Beltzak. «Senide gaixoaren egoera normalizatu egin nahi genuen. Egungo gizarteak lanaren arabera aitortzen dizu balioa, eta proiektu edo lan honekin, balio duzu esaten diozu. Etxeko sofan egon beharrean, balio dut esaten du berak ere». 2001. urtean Donostian hasi ziren, autoetako bateriak jaso, desmuntatu eta aluminioa ateratzen. «Lan duin bat izatea nahi genuen, soldata batekin, ez denbora pasa bat, haiek ere konturatu egiten baitira». Pausu «motelak» izan zirela oroitzen du, baina hasiera hartatik, egun 36 langile izatera pasa dira.
Askotariko arloetan aritzen dira: material arriskutsuen tratamenduan, dokumentuen suntsiketan, landare inbaditzaileen garbiketan, errautsak gordetzeko zeramikazko kutxa disolbagarriak egiten, txakurrentzako hotel batean, eskuz egindako adreiluak egiten, panteoien garbiketan… Imaginazioa erabiltzen dute, bai lanak aukeratzerako orduan, bai egiterakoan. «Errautsentzako kutxaren diseinurako, adibidez, Burgostik Baionara bitarteko museo guztiak bisitatu genituen» dio ekintzaile legazpiarrak. Egun, Europara garraiatzen dituzte ontziak.
«Lehendik ez dauden lanak bilatzen ditugu, ezin baikara inorekin lehiatu. Kalitatea bai eman dezakegu, baina denbora behar dugu horretarako. Behar denean, asmamena sortzen da» dio Beltzak. Baratza bat eta mintegia ere bazituzten Hernanin, azken uholdeek irentsi dituztenak. «3 urteren atzetik, etekinak ematen hasteko garaia zuen, eta horren ordez, galera handiak izan ditugu. Hango kudeatzailea oraindik gaixo dago gertatutakoagatik» azaltzen du. Pertsona bakoitzari bere abilezien araberako lana ematen saiatzen dira. «Askotan ez dakigu lan batek denboran iraupen luzea izango al duen, baina hilabete batzuez pertsona hori sofan egon dadin ekiditen duzu. Etxera nekatuta iristen da, eta horrek lasaitasun bat ematen dio familiari. Langileak ere, hurrengo egunean lana duela jakinda, balio dut, pentsatzen du».
«Senitartekoren batek buru osasuneko gaixotasun bat duela konturatzen zaren lehen unea oso gogorra da» dio Beltzak. Laguntza taldeetan ere izan ziren, eta hor otu zitzaien gaixoei lan munduan laguntzeko ideia. Izena ere lehen bilaketa hartatik sortu zitzaien. «Kideak esaten zidan, hik segi bila, eta hortik sortu zen». Enpresa izanagatik ere, sistema berezia du: soldatak ordaindu eta gero, irabazi guztiak berriroinbertitzen dituzte, helburu batekin: gaitz mentalari lan munduan irtenbideak bilatzea. Orain, Euskarri izeneko fundazioa ere sortu dute, lan mundutik kanpo senideei laguntza eman asmoz.
Legazpin garbigunea
Legazpiko garbigunea helburu horrekin hartu dute. Txatarrak jaso eta bereizteko zerbitzua ere eskaintzen dute. Bost langile ditu Legazpiko garbiguneak. «Garrantzitsuena denbora okupatzea da. Hortik dirua sortzen bada, ondo, baina kontuen balantzean galerak ez izatearekin pozik egongo ginateke» dio Beltzak. «Herri txiki hauetan zenbat ibilgailu datozen ikusi beharko dugu, baina arduradun oso animosoa dugu, eta itxaropena badugu. Euren esku egongo da, soldatak mantentzea lortzen badugu, geldituko gara. Bestela ez». Ildo honetan, Legazpiko garbiguneko langileen inplikazioa «oso altua» dela dio Beltzak.
Duela bi aste ireki zuten eta astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 16:30era eskaintzen dute zerbitzua. Astelehenetan 11:30ean irekitzen dute eta zapatuetan 14:00etan itxi. Ibilgailu txikiak kanpotik garbitzeak 6 euro balio ditu; ibilgailu handiak, aldiz, 8 eurogatik garbitu ahalko dira. Kanpoko eta barruko garbiketak 8 edo 10 euro balio ditu, tamainaren arabera. Tapizeria garbitzea 25 euro kostako da bi kasuetan. Lan bereziak ere egiten dituzte.














