Lazkaok pilotazaletasunarekin lotutako gune berria du: Maizpi elkartea

Pilota munduarekin estu lotutako elkartea dago Lazkaon larunbataz geroztik. Maizpi elkartea ofizialki eratu, egoitza ireki, eta zerbitzuan hasteko prest jarri dute Lazkao Txiki Plazako etxe-multzoaren behealdeko soziedadea, 200 metro koadrotik gorakoa. Izena leku berean zegoen Maizpide baserritik hartu dute, eta izana LAPKE Lazkaoko Antzar Pilota eta Kirol Elkartetik. Pilotarekiko zaletasuna eta soziedade gastronomiko funtzioa uztartu nahi ditu Maizpik. LAPKE elkarteak, esaterako, han izango du aurrerantzean egoitza. Larunbat eguerdian ospatu zuten bazkideek elkartearen asanblada eratzailea, udaletxean. Hirurogei bazkide ziren hasterako, baina batzarra bukatzerako 70era igoa zen kopurua, hamar lagun gehiago hartzeko erabakia onartu baitzen. Barne araudiaren kopia bana eman, eta bazkide bakoitzak bina giltza jaso zituen. Izan ere, bazkide 70 lagun baldin badira ere, bakoitzak etxeko —«familia-unitate» edo «elkarbizitza unitate» zehazten dute estatutuek— beste kide bati eman diezaioke sarbidea, erabilera eskubide (eta betebehar) berekin. Zuzendaritza taldea orain urtebete osatuta zegoen, elkartea egokitzeko eta proiektua garatzeko. Beste urtebeterako konpromisoa hartu du bederatzi lagunek osatutako lan-taldeak, 2013ra arte. Lau urteko ibilbideari, gailurra Lazkaon pilotazale elkartea sortzeko lehen urratsak 2007ko abenduan egin zituzten. Beste lokal batean jartzeko asmotan ibili ondoren, azkenean ezerezean geratu zen nahia. «2008ko udaberrian geldialdi bat ere izan zen, krisia zela eta, bazkide bila hasitakoan», argitu du Martin Agirre bazkideak. Gutxienez [...]

Pilota munduarekin estu lotutako elkartea dago Lazkaon larunbataz geroztik. Maizpi elkartea ofizialki eratu, egoitza ireki, eta zerbitzuan hasteko prest jarri dute Lazkao Txiki Plazako etxe-multzoaren behealdeko soziedadea, 200 metro koadrotik gorakoa.
Izena leku berean zegoen Maizpide baserritik hartu dute, eta izana LAPKE Lazkaoko Antzar Pilota eta Kirol Elkartetik. Pilotarekiko zaletasuna eta soziedade gastronomiko funtzioa uztartu nahi ditu Maizpik. LAPKE elkarteak, esaterako, han izango du aurrerantzean egoitza.
Larunbat eguerdian ospatu zuten bazkideek elkartearen asanblada eratzailea, udaletxean. Hirurogei bazkide ziren hasterako, baina batzarra bukatzerako 70era igoa zen kopurua, hamar lagun gehiago hartzeko erabakia onartu baitzen. Barne araudiaren kopia bana eman, eta bazkide bakoitzak bina giltza jaso zituen.
Izan ere, bazkide 70 lagun baldin badira ere, bakoitzak etxeko —«familia-unitate» edo «elkarbizitza unitate» zehazten dute estatutuek— beste kide bati eman diezaioke sarbidea, erabilera eskubide (eta betebehar) berekin.
Zuzendaritza taldea orain urtebete osatuta zegoen, elkartea egokitzeko eta proiektua garatzeko. Beste urtebeterako konpromisoa hartu du bederatzi lagunek osatutako lan-taldeak, 2013ra arte.
Lau urteko ibilbideari, gailurra
Lazkaon pilotazale elkartea sortzeko lehen urratsak 2007ko abenduan egin zituzten. Beste lokal batean jartzeko asmotan ibili ondoren, azkenean ezerezean geratu zen nahia. «2008ko udaberrian geldialdi bat ere izan zen, krisia zela eta, bazkide bila hasitakoan», argitu du Martin Agirre bazkideak. Gutxienez ehun lagun bildu nahi zituzten, «baina gutxiagorekin hastea bideragarri eta posible zenez, hala hasi gara».
Printzipioz, beraz, 70 bazkidek ekin diote Maizpi elkarteari. Denbora bat hartuko dute orain, erabiltzaile datuak-eta ikusteko. Giltza bikoiztasunarekin «erabilpena bultzatu» nahi dute. «Kopuruz bikoitza ez da izango, baina jende gehiagok erabili ahalko du soziedadea. Ideia hori oso gustura hartu du jendeak», dio Agirrek.
Oraingoz bazkidetza muga horretan utziko dute. Sartzeko baldintza bakarra 18 urte beteak izatea zen. Lazkaon bizi direnak ia denak, gizonezkoak gehienak, eta guraso gazteak asko, horixe da bazkidearen perfila.
Jangelan 93 toki
Orain arte Lazkaoko pilota elkartearekin zerikusirik ez zutenak dira soziedadean sartu diren gehienak. «Denoi gustatzen zaigu pilota. Azkenean soziedade gastronomiko bat da, baina pilota sustatuko duena», azaldu du Agirrek. LAPKEri laguntzeko, besteak beste, nahiz bereiziak diren.
Gainontzean, Maizpi hiru gunetan banatu dute, barrutik: jangela, sukaldea, eta sarreran barra eta mahaitxoen eremua, tragoxka edo kafea hartzeko aproposa. Bi telebista-pantaila handi ditu. Eserita 93 lagun sar litezke.
Barrutik argitsua da, leiho zabalekin eta altzari zur zuriztakoa. Frontoien eta pilotarien irudi zaharrekin bi argazki-muntaia handi kokatu dituzte horma batean, Lazkaoko herrigunearen aireko argazki bat beste batean. Sukaldean, sumendi-harriak dituen eta gasarekin berotzen den parrilla, zortzi suko sukaldea, plantxa, garbiketa eremua eta jakiak lantzeko altzairuzko mahai-gain luzea, berri-berria dena.
«Orain erabiltzea da egin beharrekoa: funtzionamendua doitu, eta soziedadeko nahiz gizarte orokorreko elkarbizitza-balioak landu», borobildu du Agirrek. Zuzendaritzako kideak arratsaldero egongo dira elkartean, hatz markarekin funtzionatzen duen ordenagailua, sukaldeko gailuak nahiz gainontzeko zerbitzuak maneiatzen erakusteko.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa