Bizipenetatik alkoholari ihesi

Al-Anon elkarteko bi kide Alkohola neurri gabe kontsumitzeak jendeak uste baino gauza gehiago dakartza berarekin. Tartean, alkoholikoen senitartekoen sufrimendua. Egoera horretan daudenen mina arintzeko Al-Anon elkartea sortu zuten 1941ean. Mundu mailako elkartea da, eta Goierrin, hiru lekutan elkartzen dira terapia egiteko: Beasainen, Legazpin eta Urretxun. «Alkoholikoekin bizi garenon elkartea» dela esaten dute erabiltzaileek, «Alkoholiko Anonimoen elkartearekin modu paraleloan lan egiten duena». Alkoholiko Anonimoek erabiltzen duten terapia berdina jarraitzen dute, «baina beti senitartekoen azalean jarrita, guri egokitutako literaturarekin». Astean behin elkartzen dira, batak besteari norberaren bizipenak kontatu eta bizipen horietatik ikasteko. Beasaingo bileretan parte hartzen duten bi kideren arabera, aurrera egiteko biderik onena «hitz egitea da, nik bizi izandakoa lagungarri izan daitekeelako beste batzuentzat». Hala ere, bileretan esandakoa sekretua da, kideen anonimatoa gordetzea ezinbestekoa baita gaixoei zein senitartekoei laguntzeko. Bi kideen arabera, gogorrena gaixoaren jarrera ulertzea da: «Batzuetan oso jarrera ona izaten dute, oso pertsona onak dira, baina beste batzuetan edozeren eta edozeinen aurka egiten dute, eta jarrera horrek zuzenean eragiten du ondoan dituen senideengan». Baina Al-Anoneko bileretan ulertu ahal izan dute gaixo horien bizitzeko modua. Isabelek azaldu duenez, familiako gainerako kideekin ere ezin dute gaiaz hitz egin: «Ez gaituzte ulertzen, eta esaten diguten lehen gauza izaten da gaixoaren ondotik joateko, [...]

Al-Anon elkarteko bi kide

Alkohola neurri gabe kontsumitzeak jendeak uste baino gauza gehiago dakartza berarekin. Tartean, alkoholikoen senitartekoen sufrimendua. Egoera horretan daudenen mina arintzeko Al-Anon elkartea sortu zuten 1941ean. Mundu mailako elkartea da, eta Goierrin, hiru lekutan elkartzen dira terapia egiteko: Beasainen, Legazpin eta Urretxun. «Alkoholikoekin bizi garenon elkartea» dela esaten dute erabiltzaileek, «Alkoholiko Anonimoen elkartearekin modu paraleloan lan egiten duena».

Alkoholiko Anonimoek erabiltzen duten terapia berdina jarraitzen dute, «baina beti senitartekoen azalean jarrita, guri egokitutako literaturarekin». Astean behin elkartzen dira, batak besteari norberaren bizipenak kontatu eta bizipen horietatik ikasteko. Beasaingo bileretan parte hartzen duten bi kideren arabera, aurrera egiteko biderik onena «hitz egitea da, nik bizi izandakoa lagungarri izan daitekeelako beste batzuentzat». Hala ere, bileretan esandakoa sekretua da, kideen anonimatoa gordetzea ezinbestekoa baita gaixoei zein senitartekoei laguntzeko.

Bi kideen arabera, gogorrena gaixoaren jarrera ulertzea da: «Batzuetan oso jarrera ona izaten dute, oso pertsona onak dira, baina beste batzuetan edozeren eta edozeinen aurka egiten dute, eta jarrera horrek zuzenean eragiten du ondoan dituen senideengan». Baina Al-Anoneko bileretan ulertu ahal izan dute gaixo horien bizitzeko modua. Isabelek azaldu duenez, familiako gainerako kideekin ere ezin dute gaiaz hitz egin: «Ez gaituzte ulertzen, eta esaten diguten lehen gauza izaten da gaixoaren ondotik joateko, egoera ezin badugu jasan, gaixoa utzi eta alde egiteko».

Irtenbide hori hanka-motz geratzen zaie, ordea, Isabeli eta Edurneri. Hori baino zerbait gehiago egin dezakeleta uste dute, «albo batera utziz gero, koldarrak izango ginatekeelako, eta ez ginatekelako zoriontsu izango». Gaixoari ulertzeko gakoak elkarbizitzak ematen dituela gaineratu dute, «kalean denak oso jatorrak eta alaiak direlako, baina etxean alkoholak eragindako oldarkeria agerian uzten dute, eta hori etxekoek bakarrik jasaten dugu».

Isabelek azaldu du bere egoera ez zela aldatu bere senarrak «edaten ez bazuen ez zuela funtzionatzen» konturatu zen arte. Denbora asko behar izan omen zuen horretarako, berari ez zitzaiolako ezer kostatzen edan gabe aurrera egitea, «egunerokotasunean edan gabe egotea».

Taldean egin beharreko bidea

Alkoholiko baten egoera eta sentimenduak ulertzeak dakartzan zailtasunak, ondoan duena bakardadera bultzatzen duela azaldu dute Isabalek eta Edurnek. «Bakarrik ezin duzula aurrera egin konturatzea oso garrantzitsua da» Edurnerentzat, eta ondoan «orduan eta jende gehiago eduki, orduan eta errazagoa da aurrear egitea».

Izan ere, barruan gordetzen dituzten lotsak, amorruak, ezintasunak eta bestelako sentimenduek bakardadera eramaten dituzte, «mundutik isolatuta» bizitzera bultzatuz. Horri buelta ematea ezinbestekoa dela esan dute bi emakumeek, «gauzak datozen moduan onartu eta gainditu» behar direla azpimarratuz. Hori eginda, norberak bere buruari eta gaixoari lagunduko diola esan dute.

Izan ere, alkoholismoa sendaezina den gaixotasuna dela azaldu du Edurnek, «botiken bidez apaldu daitekeena. Antsietatea eta ezinegona desagertzeko botikak hartu ditzakete, baina edateko sentitzen duten behar hori ez da inoiz desagertzen. Gaixoak dira hori geldiarazi dezaketen bakarrak, eta ondoan gauden pertsonek gaixoaren erritmoen arabera bizi behar dugu».

Literatura argibide

Astean behin egiten dituzte bilerak Al-Anon elkarteko kideek, eta literatura erabiltzen dute bide ilun honetan argi pixka bat jartzeko. Edurnek azaldu duenez, taldeko terapia egiten dute eta Alkoholiko Anonimoen elkarteak kaleratutako hainbat liburu erabiltzen dituzte gaixoei nola lagundu jakiteko. Literatura deitzen diote liburu horietan agertzen diren pausoei.

Hala ere, argi utzi nahi izan dute elkartean ez dutelako inolako politikarik, erlijiorik edo bestelako talderik jarraitzen eta goraipatzen: «Gure helburu bakarra alkoholikoei laguntzea da». Liburu horietan zein pauso jarraitu behar dituzten azaltzen da, baina gero norberak erabakitzen du pauso horiei jaramon egin edo ez. «Guk ez diogu inori esaten zer egin behar duen eta zer ez, hala egiten badugu ez garelako inora iritsiko», azaldu du Isabelek: «Urteak igarotzen ditugu zer egin behar dugun eta zer ez entzuten, eta elkartera etorritakoan hori da egin nahi dugun azken gauza».

Literatura hamabi pausotan oinarritzen da, eta alkoholikoek jarraitzen dutenaren berdina da. Edurnek jarri du adibidea: «Alkoholikoek 24 orduko soiltasuna izan behar dute, eta guk 24 orduko baretasuna». Izan ere, Edurnek eta Isabelek azaldu dutenez, senitarteko askok uste dute gauzak ongi egiten ari direla, baina besteen bizipenak entzunda jakiten dute ustez ondo zegoena ez zegoela ondo. Horregatik, Al-Anonen gaixoei laguntzen ikasten dute.

Anonimatosuna dute oinarri

Al-Anonek antolatzen dituen bileretara joateak izugarri aldatu die bizitza Edurneri eta Isabeli. Biek aitortu dute oso zaila egin zitzaiela elkartera joateko erabakia hartzea, baina behin bertara joaten hasita, bizitza aldatu zaiela esan dute. Horretan, zerikusi asko omen du elkartearen oinarri den anonimotasunak.

Horixe da elkarteko bileretan parte hartzeko bete beharreko baldintza bakarra: «Bileran esaten dena, bileran geratzen da». Izan ere, anonimotasun horrekin apurtzen bada, «gaixoei min handia egiteko aukera dago, eta berriz ere edaten hastera bultzatu ditzakegu», azaldu du Isabelek. Bileretan esandakoa kanpoan aipatzen bada, besteen bizitza pribatua inbaditzen dutela ulertzen dute, «eta horretarako inork ez du eskubiderik». Isabelen arabera, «nahi duenak nahi duenari, nahi duenean eta nahi duen moduan kontatu behar dizkio gauzak, beti ere kontatu nahi badu». Elkartean elkarri laguntzea dute helburu, eta elkarrenganako konfidantza ezinbestekoa da.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa