Urretxuko Irimo lantokiaren gunea «babestu dezan» eskatu dio EAJk Aldundiari
EAJ alderdiak zuzenketa aurkeztu dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2012 urterako aurrekontuari, Urretxuko Irimo-Sarralde gunea «babestu dezan» eskatuz.
Itziar Agirrek, EAJko Urretxuko zinegotziak eta bozeramaileak adierazi duenez, aldundiari «150.000 euro» eskatu dizkiote «kutsatutako lurraren prebentzio eta zuzenketa lanak egiteko», eta, era berean, «udalarenak diren Sarralde eremuko eraikinak botatzeko proiektuak idazteko».
Agirrek jarraitu duenez, «Urretxu-Zumarraga-Legazpi herri-irudirako eremu garrantzitsuaren birsorkuntzari buruz ari gara». Hortaz, «beharrezkotzat» jo du «eremuaren izapideekin» hastea. Agirreren ustetan,«administrazio publikoak saiakera handia eta denbora beharko ditu, industri-pabilioiez osatutako eremua egiteko eta, ondorioz, eskualdeko eskariari erantzuna emateko».
EAJko zinegotziak amaitu duenez, «jabego, ekonomia jarduera, eta finantza baliabide desberdinetara egokitu behar gara, krisiaren faktoreak direlako. Era berean, eskualdean sortzen diren berrikuntza proiektuak babestu behar ditugu».














