457 postu biharko Santa Lutzi ferian
Santa Lutzi eguna da bihar eta Urretxuko eta Zumarragako kaleak azoka erraldoi bihurtuta esnatuko dira. Goizeko zortzietan zabalduko dituzte feriaren ateak, bi herriak hartuko dituzten 457 postuen oihalak altxatzen dituztenean. Zumarragan 310 postu irekiko dituzte, Urretxun 147.
Artisautza, elikagai, arropa eta hamaika tresnen postuak egongo dira. Horietaz gain, feria honi benetako izaera, berezkoa duena ematen dioten postuak egongo dira. Lehiaketatan parte hartuko duten ekoizleena, tratuentzako gune bihurtuko diren postuak.
Tratuak goizean goiz egin ohi dituzte ganaduzaleek. Bisitariak postuen erronda egiten hasten direnerako, tratu horietako asko, itxita egongo dira jada.
Ganadu mota gehiago egongo bada ere, azpimarragarria da zaldi-lehiaketan 118 zaldik parte hartuko dutela: 31 pottoka, 81 Euskal Herriko Mendiko Zaldia eta besteek jateko haragitarako hazten dituzten zaldien lehiaketan parte hartuko dute. Zumarragako Urdaneta kalean egongo da, azken urteotan bezala, ganadu erakusketa.
Zumarragako barazki-lehiaketan bederatzi ekoizlek parte hartuko dute, Urretxukoan zazpi ekoizlek. Fruta-lehiaketei dagokienez, Zumarragan sei izango dira eta Urretxun zazpi, lehiatuko diren ekoizleak. Urretxuko ezti-lehiaketan izango direnak kopurua gaur bertan ezagutaraziko dute.
Areizaga-Kalebarren plazan kokatu dituzte oilasko bikoteak (15) eta kapoi bikoteak (25). Lehiaketa hau Urretxuko eta Zumarragako udalek elkarrekin antolatzen dute. Plaza honetan hegaztien eta ugaztunen bilduma ikusgai ipiniko dute, Jesus Mari de Carcamoren bilduma, hain zuzen ere.
Zumarragako Euskadi plazan egongo da postu gehien, 124 postu ezberdin dago. Barazki eta fruta postuak plazako arkupetan jarriko dituzte. Artisautza eta, batez ere, Euskal Herriko toki ezberdinetako elikagaien postuak plazan banatuta egongo dira.
Azokako beste gune garrantzitsua, salmenta eta tratu izaera hori gordetzen duena, La Salle-Legazpi ikastetxearen patioan dago, nekazaritza-makineria erakusketa.
Beste postuak ondoko tokietan daude: Zumarragan Zelai Arizzti parkean, Legazpi kalea, Urdaneta hiribidean, Renfeko trintxeran, Elizkalen eta Kalebarren-Areizagan. Urretxuko postuak ondoko lekuetan daude: Labeaga kalea, Lizeoa, Iparragirre kalea, Gernikako Arbola plaza.
Zirkulazio oharrak
Goizeko zortzietatik aurrera Urretxuko eta Zumarragako sarrerak itxita egongo dira bihar. Ibilgailuentzat egokitutako aparkaleku bat baino gehiago izango da. Zumarragako Ospitaleko zirkuitoa norabide bakarrekoa bihurtuko dute, ohi baino aparkatzeko toki gehiago sortuko dituztelarik. Argixao futbol zelaiaren ondoko lur-saila ere aparkaleku izango da. Autoak uzteko beste gune bat Zumarragako Industrialdean egongo da, eta Soraluze kalean gutxitu fisikoen ibilgailuentzat erreserbatutako tokiak egokitu dituzte.Autobus guztien geraleku izango da bihar, Zumarragako geltoki intermodala.














