Herri kirol erakustaldia egin zuten atzo Zumarragan
otamotz.com• Gizon proba taldeak 6 plaza pasatxo egin zituen, hiru idiek 11 plazako marka gainditu zuten, eta zaldiak, 31 plaza egin zituen 1.000 kiloko harriari tiraka. Ilustrazioa Goierriko Hitzaren kolaboratzaile den Josu Maroto marrazkilariak egina da. Bideoa, aldiz, Gotzon Aranbururena da.
Ez ohiko gizon-proba baten lekuko izan ziren atzo, Zumarragako Euskadi plazara gerturatu ziren ehunka zaletu. 1.700 kiloko harria beharrean, Zumarragako harri handia izan zen, 2.700 kilorekin, probako protagonista nagusia.
Zumarragako gizon-proba taldea hamabi lagunek osatu zuten atzo. Bost plaza egiteko zen, proba hasi aurretik taldearen helburua, baina azkenean egindako lanaren emaitzak aurreikuspenak gainditu zituen. Sei plaza, 10 zinta eta 0,15 metro izan zen azkeneko emaitza.
Hiru idi parek ere egin zioten tira harriari. 11 plaza, zinta 1 eta 1,10 metro izan zen lortu zuen marka. Erakustaldian zaldi baten parte hartzea ere izan zen, honek 1.000 kiloko harriari egin behar izan zion tira, eta azkenean, 31 plaza, 13 zinta eta 1,70 metroko marka egitea lortu zuen.
Atzoko erakustaldia apartekoa izan zen, izan ere Zumarragako harri handia orain 30 urte erabili zen azkenengoz Euskadi plazan. Zumarragara sarri etortzen zen Kantabriako kamiolari batek, harriaz hitz egiten entzun eta idi parea ekarri zuen harria mugitzeko, baita lortu ere. Harriarekin azkeneko saioa, orain 10 urte egin zen Urretxun. Igeldo eta Belarretaren idiak neurtu ziren orduan. Azken honen animaliek irabazi zuten, plaza gehiago eginda. Atzo, harri handia ahanzturatik berreskuratu zuten, eta urte askotako geldialdiaren ostean, bizia hartu zuen berriz Zumarragako plazan.
Abenduaren 17an emakumeen txanda
Baina, gisa honetako proba gehiago izango da abenduan zehar. Datorren larunbatean, Izazpi emakume-proba taldea, Markinako Denok-Bat gizon-proba taldearen aurka neurtuko da. Errebantxa saioa izango da. Kasu honetan, mutilen harriak 1.000 kiloko pisua izango du, eta emakumeenak 600 kilo. Talde bakoitza zortzi lagunek osatuko dute eta lanerako denbora, hogei minutukoa izango da. Saioa, Herri Kirol Federazioaren arautegiaren barruan kontrolatuta egongo da. Giza-proba ekitaldia Urretxuko Barrenkaleko probalekuan izango da, 17:00etan hasita. Motz eta Florida tabernek asteburu horretarako antolatutako ekitaldi sortako bat izango da.