Idiazabalgo Gaztetxearen XI. urteurreneko ekitaldiak “arrakastatsuak” izan dira
Idiazabalgo Gaztetxearen 11. urteurreneko ekitaldiek jende asko bildu dute, eta oso gustura daude antolatzaileak. Ander Telleria Idiazabalgo Gazte Asanbladako kidearen hitzetan «ekitaldietan parte hartu duen jendeak ere balorazio ona egin duela uste dugu». Ostiralean gaueko bederatzietan pregoia egin zuten urteurreneko ospakizunei hasiera emateko helburuarekin. Gaztetxea jendez gainezka zen une horretan, eta giro polita sortu zen. Ondoren, Gaztetxetik hasita triki-poteoa egin zuten Idiazabalgo tabernetan zehar, Gari eta Iñaki trikitilariak lagun hartuta. Ehun lagun inguruk parte hartu zuten. Tarte horretan hainbat gaztek otartekoak prestatu zituzten frontoiko tabernako sukaldean eta nahi zuenak sabela betetzeko aukera izan zuen. Gauean, 23:30etik aurrera Egurra ta Kitto eta Ingo al deu? taldeek kontzertua eman zuten frontoiko tabernan. Telleriak jakitera eman duenez, herritarrez gain kanpoko jende asko zebilen, eta frontoiko taberna beteta egon zen gau osoan. Argazki erakusketa Larunbat arratsaldean argazki erakusketa egin zuten Gaztetxean bertan. Hamaika urte hauetako irudiak ikusi ahal izan ziren, tartean, Gaztetxe zaharrekoak. Ander Telleriaren hitzetan «arrakastatsua» izan zen ekimena, hainbat belaunalditako idiazabaldarrak biltzeko aukera eman baitzuen. «Argazkiak ikusi eta garai zaharrak gogora ekarriz, tertulian aritu ziren adin bateko eta besteko herritarrak, eta giro atsegina sortu zen». Gauean, 21:30ean bertso afaria egin zuten Guraso Elkartean Iban Udangarinekin eta Angel Mari Peñagarikanorekin. Laurogei lagun [...]
Idiazabalgo Gaztetxearen 11. urteurreneko ekitaldiek jende asko bildu dute, eta oso gustura daude antolatzaileak. Ander Telleria Idiazabalgo Gazte Asanbladako kidearen hitzetan «ekitaldietan parte hartu duen jendeak ere balorazio ona egin duela uste dugu».
Ostiralean gaueko bederatzietan pregoia egin zuten urteurreneko ospakizunei hasiera emateko helburuarekin. Gaztetxea jendez gainezka zen une horretan, eta giro polita sortu zen. Ondoren, Gaztetxetik hasita triki-poteoa egin zuten Idiazabalgo tabernetan zehar, Gari eta Iñaki trikitilariak lagun hartuta. Ehun lagun inguruk parte hartu zuten. Tarte horretan hainbat gaztek otartekoak prestatu zituzten frontoiko tabernako sukaldean eta nahi zuenak sabela betetzeko aukera izan zuen.
Gauean, 23:30etik aurrera Egurra ta Kitto eta Ingo al deu? taldeek kontzertua eman zuten frontoiko tabernan. Telleriak jakitera eman duenez, herritarrez gain kanpoko jende asko zebilen, eta frontoiko taberna beteta egon zen gau osoan.
Argazki erakusketa
Larunbat arratsaldean argazki erakusketa egin zuten Gaztetxean bertan. Hamaika urte hauetako irudiak ikusi ahal izan ziren, tartean, Gaztetxe zaharrekoak. Ander Telleriaren hitzetan «arrakastatsua» izan zen ekimena, hainbat belaunalditako idiazabaldarrak biltzeko aukera eman baitzuen. «Argazkiak ikusi eta garai zaharrak gogora ekarriz, tertulian aritu ziren adin bateko eta besteko herritarrak, eta giro atsegina sortu zen».
Gauean, 21:30ean bertso afaria egin zuten Guraso Elkartean Iban Udangarinekin eta Angel Mari Peñagarikanorekin. Laurogei lagun izan ziren afaltzen. «Guraso Elkartean hotza egiten zuen arren, bertsolariek giroa berotzea lortu zuten, eta barre algarak ez ziren falta izan», dio Telleriak.
Afaldu eta gero, The Pardels herriko taldeak kontzertua eman zuen frontoiko tabernan. Batez ere herriko jendea elkartu zen bertan. Kontzertua bukatutakoan frontoia itxi egin zuten, eta bertako jendea Gaztetxera joan zen festari bukaera ona emateko asmoarekin.
Telleriak azpimarratu du dena «oso ondo» atera zela. «Hasieran azpiegituren aldetik aukera asko ez zeudela eta, kezkatuta geunden. Festa frontoiko tabernan egiteko erabakia hartu genuen, ordea, eta uste dugu bete-betean asmatu genuela».














