Urretxuko "alde zaharreko" giroa berreskuratzeko ekintzak

Bihartik igandera ekintza sorta oparoa antolatu dute Urretxuko Motz eta Florida tabernek, «goiko aldeko tabernetan poteoa suspertzeko eta kalean giroa sortzeko helburuarekin». Urretxuko poteo zaharra berreskuratzeko ekimena ezizenarekin, hainbat ekintza egingo dituzte asteburuan Iparragirre plazako karpan. «Adin guztietarako eta gustu guztietarako» pentsatutako ekintzak dira. Bihar, esaterako, Ruper Ordorika taula gainera igoko da Labeaga aretoan. Hodeien azpian bere azken diskoa aurkeztera etorriko da oñatiarra Urretxura. 23:00etan emango dio hasiera kontzertuari. Sarrerak Urretxuko «goiko aldeko taberna guztietan daude salgai». Aldez aurretik 10 euroan salduko dira, eta bihar leihatilan 12 euro kostako dira. Larunbatean goizetik ekingo diote egitarauari. 12:00etan triki-poteoa egongo da Urretxuko alde zaharreko kaleetan zehar. 14:30ean bertso bazkaria egingo dute Iparragirre plazako karpan. Arkaitz Estiballesek eta Xabi Paiak egingo dute bertsotan. Bazkari honetarako sarrerak ere tabernetan jarri dituzte salgai. Behin bazkaria amaituta, 18:00etan giza-proba saioa egingo dute Barrenkaleko probalekuan, gaztetxearen ondoan. Izazpi emakume proba taldea Markinako Denok-Bat gizon proba taldearen aurka neurtuko da. Bukaeran, pintxo-poteoa egongo da karpan. Egunari amaiera emateko, kontzertuak antolatu dituzte leku berean. Herriko Klak!xon, Azpeitiko Egurra ta Kitto eta oraindik zehaztu ez duten DJ baten emanaldia aurreikusi dituzte. Kontzertuak 23:30 aldera hasiko dira. Igandean, 12:30ean, aizkora saioa izango da. Gipuzkoako bikote bat Nafarroakoa bikote baten aurka arituko da. 10 kana erdiko nork denbora gutxiagoan moztu izango da erronka. Arratsaldean, asteburua amaitzeko, Txan magoa izango da Iparragirre plazan 18:00etatik aurrera, bere ikuskizun berria eskaintzeko asmoz.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa