Rwanda Elkarteak astebete gehiago eskainiko dio elkartasunari, ardatz Afrika hartuta
Elkartasunari eskainitako programak astebete gehiago izango du, Lazkaon. Aste honetan San Benito ikastolan garatu badute, gaurtik datorren ostegunera arte Rwanda Elkartearen ekimenak ekarriko du luzapena. Zazpi egunean, Afrikari buruzko gunea edukiko dute Lazkaoko kultur etxeko erakusketa-aretoan. Hamahirugarren urtea du Rwanda elkarteak Hirugarren mundua ezagutzen jardunaldiak atondu dituena. Giharako (Ruanda) komunitatearekin orain bi hamarkada sortutako harremanari eutsi, eta hango garapen proiektuetarako laguntza biltzea du helburu ekimenak, beste behin. Bi ardatz nagusi finkatu dituzte jardunaldirako. Batetik, argazki erakusketa baten bidez Afrikako errealitate batzuk erakutsiko dituzte, «gure artean sentsibilizazio lan bat egin nahian». Emakumeari jarri diote aurten arreta, Afrika, emakumearen islada argazki bildumaren bidez. «Afrikako errealitatean oinarritutako argazkiek osatzen dute, batez ere emakumearen irudiek azaltzen dute bertako eta beraien egoera», dio Rwanda elkarteko Jokin Izagirrek. Gaur 17:00etan zabalduko dute erakusketa aretoa. Abenduaren 22ra arte egongo da irekita. Produktuak salgai Gihararako laguntza biltze aldera, bigarren lan-ildoa bidezko merkataritzako produktuen salmenta da. Bereziki ekoizleari garrantzia ematen dion moldea da bidezko merkataritza, bitartekarien hozkadatik ihes egin eta etekinak langileei iritsarazi nahian. Afrikan eta Latinoamerikan ekoitzitako jakiak erosteko modua izango da: kafea, txokolatea, pastak, tea, turroia… Artisautza lanak ere egongo dira mahaietan: irudiak, pitxiak, xaboiak, kaxak… Kultur etxean ez ezik, Euskal Liburu eta Diskoen 23. Azokan ere [...]
Elkartasunari eskainitako programak astebete gehiago izango du, Lazkaon. Aste honetan San Benito ikastolan garatu badute, gaurtik datorren ostegunera arte Rwanda Elkartearen ekimenak ekarriko du luzapena. Zazpi egunean, Afrikari buruzko gunea edukiko dute Lazkaoko kultur etxeko erakusketa-aretoan.
Hamahirugarren urtea du Rwanda elkarteak Hirugarren mundua ezagutzen jardunaldiak atondu dituena. Giharako (Ruanda) komunitatearekin orain bi hamarkada sortutako harremanari eutsi, eta hango garapen proiektuetarako laguntza biltzea du helburu ekimenak, beste behin.
Bi ardatz nagusi finkatu dituzte jardunaldirako. Batetik, argazki erakusketa baten bidez Afrikako errealitate batzuk erakutsiko dituzte, «gure artean sentsibilizazio lan bat egin nahian».
Emakumeari jarri diote aurten arreta, Afrika, emakumearen islada argazki bildumaren bidez. «Afrikako errealitatean oinarritutako argazkiek osatzen dute, batez ere emakumearen irudiek azaltzen dute bertako eta beraien egoera», dio Rwanda elkarteko Jokin Izagirrek.
Gaur 17:00etan zabalduko dute erakusketa aretoa. Abenduaren 22ra arte egongo da irekita.
Produktuak salgai
Gihararako laguntza biltze aldera, bigarren lan-ildoa bidezko merkataritzako produktuen salmenta da. Bereziki ekoizleari garrantzia ematen dion moldea da bidezko merkataritza, bitartekarien hozkadatik ihes egin eta etekinak langileei iritsarazi nahian.
Afrikan eta Latinoamerikan ekoitzitako jakiak erosteko modua izango da: kafea, txokolatea, pastak, tea, turroia… Artisautza lanak ere egongo dira mahaietan: irudiak, pitxiak, xaboiak, kaxak…
Kultur etxean ez ezik, Euskal Liburu eta Diskoen 23. Azokan ere jarriko dituzte produktuak salgai Rwanda elkartekoek, plazako pilotalekuaren babesean.
Ikastolakoek bihar 18:00etan Arerian egingo duten Elkartasun Jaialdiarekin bat egin du Rwanda elkarteak, gonbita zabalduta. Bestetik, San Benitok antolatu eta asteburuan izango den bigarren eskuko jostailuen merkatu txikian ateratako irabaziak ere Giharara bideratuko dituzte. Frontoian egongo da hori ere.













