Aitor Sarriegi: "Hasierako urte haietan ondoan zein nituen ondo gogoan dut"

Erregulartasuna mantendu nahi zuen Aitor Sarriegik (Beasain, 1976) Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Eta baita lortu ere. Zapatei ia begiratu gabe aritu zen kantuan igandean, gainerako zazpi bertsolariekin txapela lortzeko deman. Batek bakarrik irabaz zezakeen, ordea, eta beasaindarrak jantzi du G Puntua txapelketako txapela. «Gustura» dago txapelduna herenegun egindako lanarekin, bestela ezinezkoa dela esanez. Zer moduz ikusi zenuen zure burua herenegun Illunben? Nahiko ondo, gustura. Agian konfiantza hartu arteko tarte horretan okerren, baina bestela erregular. Batik bat, buruz-burukoan gozatu nuen gehiena. Finaleko saioan erregulartasuna mantendu nahi zenuela esan zenuen finalaren aurretik. Alde horretatik gustura zaude? Bai, agian pixka bat gehiago lortu nahi nuen, baina nola esango dut ba gustura ez nagoenik. Uste dut denok gauza politak egin genituela igandean, baina baita zortziok egin genezakeela pixka bat gehiago. Batez ere, horregatik esaten dut pixka bat gehiago egin nahi nuela. Saioa orokorrean hartuta, nola ikusi zenuen finala? Nahiko sentsazio onarekin geratu nintzen. Esango nuke zortziok egin genituela gauza politak, gauza oso onak egiten ikusi nuen jendea, baina akatsak ere ia denok egin genituen. Adibidez, Iñaki Apalategi oso ondo ikusi nuen eta asko poztu nintzen egin zuen saioagatik. Uste dut halako plaza batean saio on bat egitea merezi zuela, eta pentsatzen dut denok eman genezakeela gehiago, baina gure punta ere denok utzi genuen sioan. Zuk zerorrek bertso batean ere aipatu zenuen igandean, eta etxekoek eta lagunek ere gogorarazi zizuten burura begiratzeko, zapatei begiratu gabe. Orain arte txapelketan ez bezala, igandean zapatei asko begiratu gabe abestea lortu zenuen. Ba, begiratu nien! Kantura atera aurretik badut oinetakoetara begiratzeko ohitura, baina aurreko asteetan baino gutxiago begiratu diet oraingoan, eta jendeari begiratzek saiakera egin dut. Alde horretatik, erregulartasunari dagokionez, gustura nago. Gaiak zer moduzkoak iruditu zitzaizkizun? Nik kexa handirik ez dut gaiei dagokionean. Ezta erraza gaiak jarri behar direnean oreka mantentzea, eta orain lau urte, adibidez, oso kritikatuak izan ziren, oso gai dramatikoak izan izerela eta. Baina nik uste alde horretatik ez dagoela kexarik. Buruz-burukoan, kartzelako gaia ikus-entzunezko bidez jakinarazi zizueten bi finalistei. Zer iruditu zitzaizun berritasun hori? Ondo, nik uste dut azpiegitura horiek aprobetxatu egin behar direla, eta jendeari begira ere oso baliagarriak direla. Gaia emateko modua izan zen berria, baina ez dut uste ikus-entzunezkoak gaia jan zuenik. Orain arte, agian, jendeak gehiago interpretatzen zuen alde horretatik, eta nik uste dut aurrera begira ere jorratu egin behar dela bide hori. Gai jartzaileek bi aldiz jarri zizueten bideoa, eta bitan azpimarratu ondo erreparatzeko irudiei. Bertsoak osatzerakoan, ordea, zuk ez zenien erreferentzia askorik egin bideoko irudiei. Zergatik? Hasieratik espero nuen saioan gaia bilatzea, eta gainera iruditu zitzaidan bideoa momentu batean oso azkar zihoala: poltsa, ogia… bat eta beste ikusi nituen, ez nintzen konturatu porruak, letxugak edo azak ziren poltsan zeudenak… Hor iruditu zitzaidan azkar xamar ez ote zihoan bideoa. Askotan gaietan batzuek hitz bati jartzen diote arreta, eta beste batzuek beste bati. Gai bat oso desberdina izan daiteke bi pertsonentzako, eta kasu honetan are gehiago, irudia eta soinua daudelako. Baino telebistan esaten zutena entzun nuenean, arreta guztia mezuan jarri nuen, eta iruditu zitzaidan mezuak beste dena estaltzen zuela. Horregatik, egia da ez niola arreta berezirik jarri mezu hori emateko moduari. Beñat Gaztelumendik, berriz, moduari heldu zion gehiago. Kartzelako ariketarako gai egokia irudi zitzaizun ETAren albistea? Denok dakigu ez garela edozein garaitan bizi, eta seguruenera, datozen hilabeteetan eta urtetan aldaketa dexente ezagutuko ditugu. Mila puntu izan ditzakeen gaia da, eta hamar mila euskaldun elkartzen diren foro batean horren inguruan iritzia plazaratzeko aukera izatea polita da. Bertso saio guztia kontuan hartuta, zure zein ariketa gustau zaizu gehien eta zein gutxien? Beldurrik handiena nion ariketa, bederatziko txikia zen. Zalantza boladatxo bat ere izan nuen abesten hasi nintzenean, baina barrutik behintzat oso erraz egin nuen ariketa izan zen, eta nire buruaren harridurarako oso gustora geratu naiz emaitzarekin. Gutxien puntu-erantzunak gustatu zaizkikt. Saiora joan aurretik segurtasunik handiena puntu-erantzunetan nuen, agian garbi nuelako ondo egin behar nuela, baina uste dut ez nuela nirea eman puntu-erantzunen ariketan. Mikel Mendizabali eskaini diozu txapela, Goierriko Bertso Eskolari erreferentzia ere eginez. Ibilbide oso baten errepasoa izan da eskertza hori? Dena ondo joaten batzen, esker hori nori zuzendu behar nion garbi nuen hasieratik. Abesten hasi nintzeneko urte haietan ondoan zein nituen oso gogoan dut, eta ibilbide guztia kontuan hartuta, Mikel Mendizabal izan da, agian, ni bertso-paperetatik kantura eramatearen erruduna. Seguruenera berak ahalegin bat egin ez balu ni ez nintzateke kantuan hasiko, eta urte askoan gure atzetik tiraka ibili den pertsona izan da, gugan sinistu duena. Horregatik, Goierriko Bertso Eskola irudikatzeko pertsona bat aukeratzekotan, pertsonalki niri egin zidan tirakadagatik, uste dut beharrezkoa zela Mikel Mendizabal aipatzea. Horretarako aukera izan nuen eta erabakita nuen bezalaxe joan zen. Urtarrilaren 1ean Ordizian elkartuko zarete zortzi finalistak, Argi Berri elkarteak eta Goierriko Bertso Eskolak antolatutako urteroko zitan. Saio berezia izango al da? Ba berezia izan behar zuen, baina ezin izango dut Ordizian kantatu. Kanpoan izango naiz, eta ezinezkoa izango zait bertan egotea. Pena handia ematen dit, baina beste batean kantatu beharko dugu Goierrin.

Finalarekin, denak gustura

Finalean lan ona egitea eta erregulartasuna lortzea zen bi bertsolari beasaindarren helburua. Hamar mila lagunen aurrean kantatu zuten herenegun Aitor Sarriegik eta Iñaki Apalategik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean. Batek txapela ekarri du Illunbetik; besteak, laugarren egin zuen; biak ere, egindako lanarekin gustura gelditu dira. Maiatzean hamabost bertsolari goierritarrek ekin zioten bideari, eta geltokiz geltoki, bi beasaindar iritsi ziren azkenean finaleraino. Orokorrean, puntuei begira behintzat, saio parekatua izan zen Illunbekoa, eta bertsolari guztiek utzi zituzten ale ederrak. Oholtzara igo ziren zortzi bertsolarien artetik, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi pasa ziren buruz burukora. Apalategi, «gustura» Buruz buruko estua izan zen Sarriegik eta Gaztelumendik osatu zutena. Hala ere, Sarriegiren izena entzun zuenean, poz handia sentitu zuela azaldu du Iñaki Apalategik. «Irabazlea bera zela esan zutenean elkar besarkatu genuen, eta besarkada hartan momentu asko laburbildu ziren. Ibilbide batek merezitako bukaera izan zuen». Sarriegik izan duen ibilbidea ikusita, «tokatzen zitzaion dagoeneko, eta ni ezin nintekeen gehiago poztu». Sarriegiren lorpenarekin ez ezik, berak egindako lanarekin ere gustura dago Apalategi. «Saioarekin oso gustura geratu naiz, eta emaitzarekin zer esanik ez. Buruz-burukotik oso gertu gelditu naiz, puntu-gutxira». Aurretik ere esana zen, gora-behera handiko saioa baino, nahiago zuela kolpe on batzuk eman, «eta uste dut lortu dudala hori». Bertso bat aukeratzekotan, Alaia Martinekin batera aritu zeneko lehen bertsoa aukeratuko luke. «Aitorrekin abestu nuenean ere puntu batzuk politak izan ziren, baina gehiago ere egin genezakeela uste dut». Finaleko saioko gaiak orokorrean «egokiak» iruditu zitzaizkion, baina «diferentziak» ere nabaritu zituen. «Batzuk bertsotan egiteko errazagoak zirela uste dut; gai parekatuagoak espero nituen». «Sekulako saioa» Txapelketarekin eta finalarekin, biekin gustura gelditu dira Bertsozale Elkartekoak, Saroi Jauregik azaldu duenez. «Balorazio oso ona egin dugu; «erronka bat izan da, aurreneko aldiz udaberrian hasi eta abendura arteko txapelketa egitea, eta erantzuna oso ona izan da, bai zaleen aldetik eta baita bertsolarien maila aldetik ere». Finala berriz, aspaldiko partez, oholtzatik kanpo bizitzea tokatu zaio, eta «arratsalde zoragarria» pasa zuela esan du Jauregik. «Bertsolariek sekulako saioa egin zuten, denek utzi zuten gogoan gordetzeko moduko zerbait, inor ez zen nabarmen erori, eta azkenean, hori da politena». Antolakuntza aldetik ere, lan handia egin zela azaldu du. «Batzuek gau osoa lan egin behar izan zuten dena prest eta horren txukun egon zedin». Orokorrean ez zen inolako arazorik izan; izatekotan, zaleen oihuak aipatu ditu Jauregik. «Saioaren ondoren bertsolariek beraiek ere aipatu zuten, zaleek, baten edo bestearen alde egiten dituzten oihuak gehiegizkoak direla. Beldur pixka bat ematen du joera horrek. Hobe beharrez egingo dute, baina askotan, bertsolaria errima bat bilatu ezinean dabilenean, mesede baino kalte gehiago egiten dute». Goierritar batek txapela janzteak poztu ote duen galdetuta, «Aitorrek irabazteak» poztu duela esan dio, goierritar bat izateak baino gehiago. «Beñatek jantzi izan balu ere poztuko nintzatekeen, baina Beñati ezer kendu gabe, uste dut Aitorrek izan duen ibilbidearekin merezi zuela txapela. Beñatek gerora ere izango du denbora».

Goierriko eskolaren lanari aitortza

Txapela jantzi ondoren egin zuen agurrean, Goierriko Bertso Eskolaren eta Mikel Mendizabalen lana izan zituen gogoan Aitor Sarriegik. Izan ere, bera eta bere belaunaldiko bertsolari goierritarrak, eskola haren inguruan hazi eta hezitakoak dira. Txapela ere, urtetan egindako ahalegin haren ordaina zela esan zuen, agurrean: «Beasaindik Ordizira/ Ordizitik Beasaina /Ataundik ere heltzen zen/ autobuskada bikaina/ Barrena zaharrak zeukan/ historiaren usaina/ ta zu Mikel Mendizabal/ artaldearen artzaina/ urte asko pasa dira/ sasoi artatik oraina/ Goierrik eta bertsoak/ asko zor dizute baina/ inork zor al dizu zure/ ikasle ginenok aina/ besterik ez daukat eta/ har zazu nere ordaina».
Duela ia 30 urte, 1982an hasi zuen Goierriko Bertso Eskolak bere ibilbidea. Lehen garai haietatik, irakasle lanetan urte asko egindakoa da Mikel Mendizabal bertsolari itsasondoarra. Sarriegiri txapela jarri zioteneko unea «pozez» bizi izan zuela dio, eta haren garaipena «jende askorengana» iritsi dela, era berean, «jende askoren lana eta saiakera» dagoelako horren atzetik. 30 bat urte atzera eginda, gogoan du nola sortu zen bertso eskola. Joxe Munduate, Xabier Narbarte, Igor Eguren, Mikel Aranburu… haiena izan zen aurreneko belaunaldia. Aitor Sarriegi berriz, bigarren taldean sartu zen, Ekaitz Goikoetxea, Haritz Zeberio, Alaitz Sarasola eta Amaia Iztuetarekin batera. Bertso eskolaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, Mendizabalek berak emandako babesa, eta eskenatokietara salto egiteko emandako laguntza ere eskertu ditu Sarriegik. Mendizabalek gogoan du «Aitor gauza askotan» zebilela garai hartan, «eta bere zalantza uneak ere izan zituen». Xanti Garmendia eta biak ziren orduko irakasleak; «biok animatu genuen, gaitasuna zuelako eta erraztasuna ikusten geniolako; eta probetxuzkoa izan zen bultzada hori». Bertso eskola, osasun onean Mende laurdenetik gorako ibilbidea egin eta gero, Goierriko Bertso Eskola «emankorra» izan dela dio Mikel Mendizabalek. «Hasieran arrakasta handia izan zuen, eta 90. hamarkadan eta, berrogei ikasleko taldeak eta etortzen ziren». Adinen eta mailaren arabera, talde ugari sortu zituzten, eta egun, ikasle horietako askok bertsotan jarraitzen dutela ikustea pozgarria da berarentzat. Talde horietako askok eskolarteko txapelketetan eta, emaitza onak lortu izan dituzte. Goi mailan ere, «Goierriko bertsolariak ondo ikusten ditut, aurrean dabiltza». Gaur egun, Goierriko Bertso Eskola egoera onean ikusten du Mendizabalek. «Osasun onean dago, jende asko dagoelako atzetik; Argi Berri elkartea, udalak, irakasleak eta antolakuntza lanetan laguntzen duen jende asko». Egun Goierriko bertsolariak aurrean badabiltza, horiei guztiei esker dela dio. «Lortu dena, talde horren lanaren emaitza da. Horrelako sariek indarra ematen dute aurrera jarraitzeko». Etorkizunari begira ere, «egonkor» ikusten du eskola. «Jende berria ere sartzen ari da, eta horiek ere emango dituzte emaitzak». Orain ordea, eskolak berak ere garai berrietara egokitzen jakin behar duela uste du.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa