Goierri, liburu azoka erraldoi
Bost txatal izan ohi ditu Goierriko euskal liburu eta diskoen ‘Durangok’. Lazkaoko feria antzinakoenak —23. aldia izan du— Seguran, Ordizian eta Ataunen duela sei urte bota zituen sustraiek ere itsatsi dute, eta Beasaingo ELEDA egitasmoari ere adaxka gehiago erne zaizkio, mintzodromoa, kasu. Denen artean, literatura eta musika nonahi ikusteko eta erosteko modua jarri dute. Bisitariak, gutxienera tantaka izanda ere, asteburu osoan joan dira bost saltokietara. Azken unean beteta ziren, herenegun, Segurako, Ataungo nahiz Lazkaoko azokak; ordainlekuan ilara sortzeraino. Orokorrean, jendeak «erantzun ona» eman duela aipatu dute eragileek. Salmentekin gustura ziren Ordizian, adibidez, «jende asko» joan dela gehituz. Ia denetik eskaini dute azoketan: euskal literaturako titulu berrienak, ikerketa-lanak eta liburu tematikoak, lehengo eta oraingo diskoak… Nafarroaren konkistari buruzkoak ugari aurkeztu dituzte, 2012an bostehun urte beteko direla baliatuz. Horietatik bat nabarmendu dute, salmentari begira, Ordizian. Juan Luis Landaren 1512 In Memoriam, ilustrazio bikaindun liburua, «asko» saldu dute. Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? da beste bat estimua jaso duena; Ataunen, azoka itxi baino ordu erdi lehenago, ale gehiago jartzen ari ziren. Diskografiaren atalean, Pirritx eta Porrotxen Zazpiko loroa diskoa izan da izarra. Leku askotan larunbat goizerako agortua zen. Baina aukera aparta izan ohi dira tokian tokiko gaien liburuak eskuratzeko ere. Ataunen, esate baterako, [...]
Bost txatal izan ohi ditu Goierriko euskal liburu eta diskoen ‘Durangok’. Lazkaoko feria antzinakoenak —23. aldia izan du— Seguran, Ordizian eta Ataunen duela sei urte bota zituen sustraiek ere itsatsi dute, eta Beasaingo ELEDA egitasmoari ere adaxka gehiago erne zaizkio, mintzodromoa, kasu. Denen artean, literatura eta musika nonahi ikusteko eta erosteko modua jarri dute.
Bisitariak, gutxienera tantaka izanda ere, asteburu osoan joan dira bost saltokietara. Azken unean beteta ziren, herenegun, Segurako, Ataungo nahiz Lazkaoko azokak; ordainlekuan ilara sortzeraino. Orokorrean, jendeak «erantzun ona» eman duela aipatu dute eragileek. Salmentekin gustura ziren Ordizian, adibidez, «jende asko» joan dela gehituz.
Ia denetik eskaini dute azoketan: euskal literaturako titulu berrienak, ikerketa-lanak eta liburu tematikoak, lehengo eta oraingo diskoak… Nafarroaren konkistari buruzkoak ugari aurkeztu dituzte, 2012an bostehun urte beteko direla baliatuz. Horietatik bat nabarmendu dute, salmentari begira, Ordizian. Juan Luis Landaren 1512 In Memoriam, ilustrazio bikaindun liburua, «asko» saldu dute. Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? da beste bat estimua jaso duena; Ataunen, azoka itxi baino ordu erdi lehenago, ale gehiago jartzen ari ziren.
Diskografiaren atalean, Pirritx eta Porrotxen Zazpiko loroa diskoa izan da izarra. Leku askotan larunbat goizerako agortua zen.
Baina aukera aparta izan ohi dira tokian tokiko gaien liburuak eskuratzeko ere. Ataunen, esate baterako, Joxemiel Barandiaranen liburuak harrapazka hartu ditu jendeak, bai bere egunerokoen bildumak, bai ikerketen emaitzak, Fundazioak argitaratuak.
Gerriko ikerketa bekan saritutako liburuxkak ere lau herritanzeuden. Kotxearen erabileraren inguruko azkena tartean, baina baita lehen deialdikoa ere.
Seguran, herriarekin lotutako liburu sorta 50 euroan zegoen: pilotaren Beti alai, aste ta jai, Aste Santuarena, historiakoak…
Proiektu gehiagoren aterpe
Kulturgintzaren plazak ez dira argitalpenetara soilki mugatu. Egitasmo gehiago bildu dituzte ingurura. Izan elkartasunezkoak, merkatu txiki, bigarren eskuko osagai, edo euskararekikoak.
Lazkaon, Beasainen eta Ordizian, adibidez, merkatu txikiak izan dituzte lagun liburu azokek. Ordizian, Barrena jauregiko ezkaratzearen alboan ipini dute.
Lazkaoko pilotalekuan denetarik erosi ahal izan da: San Benito ikastolak atondutako bigarren eskuko jostailuak, dirua Ruandako Giharara bideratzeko; eta bidezko merkataritza produktuak, Rwanda Elkartearen eskutik.
Beasainen, Gernika pasealekuko pilotalekutik urrundu behar izan dituzte zenbait ekimen, ostiralean haizeak olanazko estalpea bota baitzuen. Andramendi ikastolak jarritako merkatu txikiaren alboan elkartu ziren, besteak beste, Mintzodromoko partaideak eta kantu-jira abeslariak zapatu iluntzean, plazapean.
Seguran, igande goizean, jaiotza-anden lehiaketa egin zuten. Baserritar jantziek kolore berezia eman zioten behebarruari.












