Artxanberri itzuli da Zaldibiara
Pertsonaia historikoak ahanzturatik ateratzeko modu ugari egon litezke. Denen begi bistan aipatzea da bat, kale bati haren izena emanda, adibidez. Halaxe egin dute Zaldibian, eta ostiralean zabaldu zuten Artxanberri kalea. Migel Frantzisko Zubeldia Aldasoro bertsolari eta artzain entzutetsuaren oihartzuna itzal ez dadin, ezagutu zutenek ahatz ez dezaten, eta ez daukatenek haren berri jaso dezaten. Euripean, goitik eroritako uraren bedeinkazioak hartuta ospatu dute irekiera herrikoiaren ekitaldia. 120 bat zaldibiar joan ziren. Kalearen erdian, lurrean txertatu duten harrizko probalekuak arreta eman die herritarrei. Idi dema erakustaldiak egiteko, edo aurten lehenbiziko aldiz Santa Fe jaietan jokatu den giza proba saioak egiteko toki aproposa da. Leku fisikoari ez ezik, izena eman dion pertsonari ere gorazarre egin zioten, hein handi batean. Artxanberri zein zen, nolakoa zen, eta ospea nolatan hartu zuen azaldu zuten. Ondo ezagutu zuen Patxi Iraola bertsolariak zabaldu zuen, bertsoz, herrikidearen berri. Lardizabal herri eskolako haurrek lekukoa hartu, eta ikastetxean prestatutako bertsoak kantatu zituzten. Rufino Iraolak prestatutako idatzi bat ere irakurri zuten, Artxanberriren biografia argitaratua baita. Udalaren partetik, Joxean Etxabe alkateak eta Eñaut Hernandez hirigintza zinegotziak azaldu zituzten kalearen ezaugarriak eta obraren xehetasunak. Santa Fe kalearen paralelo, herrigunearen behealdetik gora ezker aldetik zeharkatzen du Artxanberri kaleak Zaldibia. Etxebizitza berrien multzoa eta lehenagoko blokea [...]
Pertsonaia historikoak ahanzturatik ateratzeko modu ugari egon litezke. Denen begi bistan aipatzea da bat, kale bati haren izena emanda, adibidez. Halaxe egin dute Zaldibian, eta ostiralean zabaldu zuten Artxanberri kalea. Migel Frantzisko Zubeldia Aldasoro bertsolari eta artzain entzutetsuaren oihartzuna itzal ez dadin, ezagutu zutenek ahatz ez dezaten, eta ez daukatenek haren berri jaso dezaten.
Euripean, goitik eroritako uraren bedeinkazioak hartuta ospatu dute irekiera herrikoiaren ekitaldia. 120 bat zaldibiar joan ziren. Kalearen erdian, lurrean txertatu duten harrizko probalekuak arreta eman die herritarrei. Idi dema erakustaldiak egiteko, edo aurten lehenbiziko aldiz Santa Fe jaietan jokatu den giza proba saioak egiteko toki aproposa da.
Leku fisikoari ez ezik, izena eman dion pertsonari ere gorazarre egin zioten, hein handi batean. Artxanberri zein zen, nolakoa zen, eta ospea nolatan hartu zuen azaldu zuten. Ondo ezagutu zuen Patxi Iraola bertsolariak zabaldu zuen, bertsoz, herrikidearen berri. Lardizabal herri eskolako haurrek lekukoa hartu, eta ikastetxean prestatutako bertsoak kantatu zituzten. Rufino Iraolak prestatutako idatzi bat ere irakurri zuten, Artxanberriren biografia argitaratua baita.
Udalaren partetik, Joxean Etxabe alkateak eta Eñaut Hernandez hirigintza zinegotziak azaldu zituzten kalearen ezaugarriak eta obraren xehetasunak. Santa Fe kalearen paralelo, herrigunearen behealdetik gora ezker aldetik zeharkatzen du Artxanberri kaleak Zaldibia.
Etxebizitza berrien multzoa eta lehenagoko blokea bereizten —edo lotzen— ditu kale ireki berriak. Hain zuzen, Ermentarin zegoen perratoki zaharra auzolanean berreskuratzeko eta atzera inguru hartan kokatzeko erronka bota zuten udal agintariek. Imaz-Enea eta Ermentari etxeak zeuden orube hutsa Santa Feren eta Artxanberriren artean dago.
Hirigintza azpiegiturak ere historiaren eta herriko pertsonaien goratzaile izan baitaitezke.