“Zabortegiak betetzen ari dira, eta zerbait pentsatu behar da, eta azkar, gainera”
Eluska Gerriko (Segura, 1986) izango da Segurako alkatea datozen lau urte hauetan. Zeregin horietan eskarmenturik gabea da, baina alkate izendatu zutenetik asko ikasten ari dela aitortu du. Segurari dagokionean, lau urte hauetarako markatu dituzten erronkak izan ditu hizpide. Udal hauteskundeetatik zazpi hilabete igaro dira. Esku hartu al diozu udaletxeko martxari? Hasieratik hona asko aldatu dira sentsazioak. Oraindik ere zalantzak egunero sortzen dira, baina geroz eta konfidantza gehiago dut nire buruarengan. Herritarrek ba al dute ohiturarik Udalera edota zugana jotzeko? Baietz esango nuke. Udaletxeko bulegoan lanean dabiltzanak denbora daramate bertan, eta denerako erantzunak dituzte. Jendeak hori badaki, eta konfidantza ematen die horrek, gainera. Niregana, eskatzera edo kexatzera hurbildu dira gehienak [irribarrez]. Denboraldi honetan zer egiteko astia izan duzue? Batzordeak martxan jarri genituen, baita berriak ere. Elkarteekin eta eragileekin batzar bat egin genuen nola antolatu garen azaltzeko, eta bide batez harremanak lantzeko. Asteartean herri batzar bat egin genuen sei hilabete hauetako lanak segurarrei azaltzeko helburuarekin. Aldizkari bat ere jarri dugu martxan. Segurako Udaleko informazioa kaleratuko dugu bertan, eta aurki izango da lehenengo alea etxeetan. Ordenantza fiskalak onartu berri ditugu, eta aurrekontuekin lanean ari gara, talde guztiei eskaerak eskatu ondoren. Herri programan segurarrek erabakiak hartzeko bitartekoak berreskuratu behar direla zenioten. Zein dira bitarteko [...]
Eluska Gerriko (Segura, 1986) izango da Segurako alkatea datozen lau urte hauetan. Zeregin horietan eskarmenturik gabea da, baina alkate izendatu zutenetik asko ikasten ari dela aitortu du. Segurari dagokionean, lau urte hauetarako markatu dituzten erronkak izan ditu hizpide.
Udal hauteskundeetatik zazpi hilabete igaro dira. Esku hartu al diozu udaletxeko martxari?
Hasieratik hona asko aldatu dira sentsazioak. Oraindik ere zalantzak egunero sortzen dira, baina geroz eta konfidantza gehiago dut nire buruarengan.
Herritarrek ba al dute ohiturarik Udalera edota zugana jotzeko?
Baietz esango nuke. Udaletxeko bulegoan lanean dabiltzanak denbora daramate bertan, eta denerako erantzunak dituzte. Jendeak hori badaki, eta konfidantza ematen die horrek, gainera. Niregana, eskatzera edo kexatzera hurbildu dira gehienak [irribarrez].
Denboraldi honetan zer egiteko astia izan duzue?
Batzordeak martxan jarri genituen, baita berriak ere. Elkarteekin eta eragileekin batzar bat egin genuen nola antolatu garen azaltzeko, eta bide batez harremanak lantzeko. Asteartean herri batzar bat egin genuen sei hilabete hauetako lanak segurarrei azaltzeko helburuarekin. Aldizkari bat ere jarri dugu martxan. Segurako Udaleko informazioa kaleratuko dugu bertan, eta aurki izango da lehenengo alea etxeetan. Ordenantza fiskalak onartu berri ditugu, eta aurrekontuekin lanean ari gara, talde guztiei eskaerak eskatu ondoren.
Herri programan segurarrek erabakiak hartzeko bitartekoak berreskuratu behar direla zenioten. Zein dira bitarteko horiek?
Aldizkari bat plazaratu dugu. Bertan herritarrek jakin behar duten informazioa aurkituko dute. Lehenengo informazioa da, eta gero erabakiak datoz. Demokrazia Parte Hartzailearen batzordearen eskutik ideia ugari izan dira parte hartzea bermatzeari begira. Esaterako buzoiak jartzea.
Komertzio txikia defendatu behar dela ere esaten zenuten. Egungo joera, ordea, merkatal gune handietara jotzea da. Nola egingo diozue aurre Seguratik, gizarteko joera horri?
Garapen Ekonomikoa batzordean elkartzen gara herriko merkatari, nekazari eta turismo teknikariak. Sektore guztiek elkar elikatu behar dute, eta osagarriak izan behar dute. Orain arte bakoitza bere aldetik ibili izan da, eta egoerak ez du hobera egin. Horregatik, batzorde honetan gune hori eman eta bidea guztien artean egitea pentsatu dugu, besteak beste, komertzio txikia, herriko nekazariak eta natura indartuz.
Segurak duen historiagatik eta arkitekturarengatik ezaugarri aproposak ditu turismoa erakartzeko. Bildu turismoaren berpizte orekatuaren alde dago. Zer esan nahi duzue zehazki horrekin eta nola bultzatuko duzue hori?
Gure herriko turismoan asko dago egiteko. Ez dugu masa turismorik nahi, baina herria eta ingurua erakutsi nahi ditugu. Horretarako herriguneaz gain, ditugun baliabide naturalak gehiago aprobetxatu daitezkeela pentsatzen dugu.
Zaborrari dagokionean zein kudeaketa eredu bultzatuko duzue?
Zabor gutxien sortzen duena, dudarik gabe. Zabortegiak betetzen ari dira, eta zerbait pentsatu behar da eta azkar, gainera. Herriari kontsultatu behar zaio.
Segura herri txikia da. Kanpotik jende dezente joan da bertara bizitzera. Zenbateraino haztea nahi duzue?
Hori, arau subsidiarioak lantzerakoan, herritar guztiekin zehaztu beharreko puntua da. Garbi dago ez dugula hiri bat izateko asmorik, baina behar demografikoen arabera bideratuko da herriaren hazkuntza ere. Esan bezala, arauetan zehaztu beharko da.
Zentzu horretan etxibizitza gehiago egiteko asmorik ba al duzue?
Ez da eraikitzeko garaia. Herrigunean etxebizitza huts dezente dago, eta horiek atontzen ez badira erdigunea hutsik geratuko da. Legealdiko erronketako bat da, hain zuzen, erdigunea indartzea. Lan handia dago horretan, eta beraz, bide hori jorratuko dugu.
Krisia denon ahotan dabil. Zein egoera finantziaroetan dago Segurako Udala?
Egoera ez da xamurra. Zorrak ditugu, baina neurrien barruan gaude.
Horrek zertan baldintzatzen du Udala?
Egin nahi ditugun inbertsioak ondo pentsatuta egin behar ditugu, alperrik ezer gastatu gabe, eta ziurrak diren gastuak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu. Bestalde, auzolana berreskuratuko dugu.
Nola antolatuko duzue?
Auzolana modu askotara antolatu daiteke. Esku lana da gehien ordaitzen dena, eta agian hori izango da auzolanean egin dezakegun gauzetako bat, elkartu eta eskulana geure artean antolatu. Gure asmoa dinamika hauek sustatzea da, uneak esango digu nola. Hilerriko adibidea datorkit burura.
Zerkaldeko lanak laster bukatuko dituzte. Horrek herriaren egitura dezente aldatuko du?
Bai. Erdiguneko trafikoa asko gutxituko da, eta oinezkoentzat onura ekarriko du horrek.
Lanak bukatutakoan aparkaleku arazoak bukatu egingo al dira?
Aparkalekuei dagokionean, gaur egun dagoen arazoa konpondu egingo litzateke, baina jendeak ekarpena egin beharko du, gaizki ohituta baikaude: gure etxe azpian utzi nahi izaten ditugu kotxeak. Arauak denok errespetatu behar ditugu elkarbizitza errazagoa izateko. Gauzak berdin jarraitzen badute, ordea, neurriak hartu beharko ditugu.
Zein gabezia ikusten duzue herrian?
Aterpe baten beharra ikusten dugu. Plaza herriaren erdian dago, eta han egoten da jendea. Han sortzen da saltsa. Euria egiten badu, ordea, ez dugu babesik.
Aterpea egiteko aukera badago?
Bai, aukera badago, baina diruari begiratu egin behar zaio. Plaza ondoan eraikin zahar bat dago. Eraikin hori egin aurretik, hor belardi bat zegoen. Eremu hori eskura izango bagenu bertan jarri nahiko genuke aterpea, plaza ikutu gabe. Esan bezala, dirua behar da guzti hori egiteko, eta herritarren iritziak ere bai, ikuspuntu desberdinak kontutan hartuta egin behar delako.
Zeintzuk dira epe motzerako zein luzerako erronkak?
Epe motz ertainerako hainbat asmo dugu. Zerkaldeko lanak bukatu bezain pronto, trafikoa zuzendu behar da herrian. Hau da, trafikoari lotutako arazoak detektatu eta konpondu beharko ditugu. Aurrekontuak urtarrilean onartuko ditugu, eta segidan arau subsidiarioak lantzen hasiko gara. Epe luzera begira turismoa ere landu nahi dugu. Turismo bulegoak Qa lortu berri du, eta hori oinarri hartuta markatu behar dugu bidea. Herriko merkatariekin lanean jarraitu behar dugu, kanpainak indartzen eta bultzatzen. Transbersalak diren gaiak ere garrantzitsuak dira: Parekidetasun batzordea eta Demokrazia Parte Hartzailea. Horiek beste batzorde guztiak ukitzen dituzte, eta oso garrantzitsuak dira guretzat. Agintaldi guztian zehar sustatuko ditugu.














