Gaur izango dira Antton Irizarren aldeko hileta elizkizunak Idiazabalen
Antton Irizar, bi hamarkadatan Idiazabalgo alkate izandakoa, hil egin da gaixotasun baten ondorioz. Gaur arratsaldeko zazpietan izango dira bere aldeko hileta elizkizunak Idiazabalgo San Migel elizan. Antton Irizar alkate izan aurretik, Jesus Mari Larrea zegamarrarekin batera, Idiazabalgo Axari dantza taldea sortu zuelako egin zen ezagun herrian. Arkaitz dantza taldea deseginda, 1976 eta 1979 urte artean etena izan zuen dantzak Idiazabalen. Irizar euskal kulturari dagokionean herrian hutsunea zegoela eta, kezkatuta zegoen. Hutsune hori bete nahian, 1978an Axari taldea sortzeko idea izan zuen. Orduan soldadutza egiten ari zen, eta han ezagutu zuen Jesus Mari Larrea. Urte bat geroago jada martxan zuten biek talde berria. Orduan hasita, Idiazabalgo makina bat umeri erakutsi zieten dantzan, Iñaki Etxeberriarekin batera. Entseguak Guraso Elkarteak Gurutze Berri auzoan duen aretoan egiten zituzten. Jendaurreko lehendabiziko erakustaldia 1980. urtean egin zuten, eta 45 umek parte hartu zuten. Handik hiru urtera 135 haur zeuden taldean. 70. hamarkadan Idiazabalen jaiotako neska mutil gehienek ikasi zuten dantzan harekin. Ordurako jada hamabi dantza desberdin egiten zituzten, besteak beste, ezpata dantza, zinta dantza, makil dantza, Aranaz… Irizarrek berak ere sortu zuen dantza koreografia bat: ipurdi dantza, hain zuzen. Naxario Telleria txistulari idiazabaldarrak jarri zion musika, eta biek egindako lanari esker dantzatu ahal izan zuten handik [...]
Antton Irizar, bi hamarkadatan Idiazabalgo alkate izandakoa, hil egin da gaixotasun baten ondorioz. Gaur arratsaldeko zazpietan izango dira bere aldeko hileta elizkizunak Idiazabalgo San Migel elizan.
Antton Irizar alkate izan aurretik, Jesus Mari Larrea zegamarrarekin batera, Idiazabalgo Axari dantza taldea sortu zuelako egin zen ezagun herrian.
Arkaitz dantza taldea deseginda, 1976 eta 1979 urte artean etena izan zuen dantzak Idiazabalen. Irizar euskal kulturari dagokionean herrian hutsunea zegoela eta, kezkatuta zegoen. Hutsune hori bete nahian, 1978an Axari taldea sortzeko idea izan zuen. Orduan soldadutza egiten ari zen, eta han ezagutu zuen Jesus Mari Larrea. Urte bat geroago jada martxan zuten biek talde berria. Orduan hasita, Idiazabalgo makina bat umeri erakutsi zieten dantzan, Iñaki Etxeberriarekin batera. Entseguak Guraso Elkarteak Gurutze Berri auzoan duen aretoan egiten zituzten.
Jendaurreko lehendabiziko erakustaldia 1980. urtean egin zuten, eta 45 umek parte hartu zuten. Handik hiru urtera 135 haur zeuden taldean. 70. hamarkadan Idiazabalen jaiotako neska mutil gehienek ikasi zuten dantzan harekin. Ordurako jada hamabi dantza desberdin egiten zituzten, besteak beste, ezpata dantza, zinta dantza, makil dantza, Aranaz… Irizarrek berak ere sortu zuen dantza koreografia bat: ipurdi dantza, hain zuzen. Naxario Telleria txistulari idiazabaldarrak jarri zion musika, eta biek egindako lanari esker dantzatu ahal izan zuten handik aurrera Idiazabalgo umeek pieza hura.
Urte batzutara Jesus Larreak eta Iñaki Etxeberriak utzi egin zuten Axari, eta Irizar bakarrik jardun zen taldearen gidari lanetan. 1987an berak ere uzteko erabakia hartu zuen, eta 30 urte zituela alkate aukeratu zuten.
Ibilbide luzea
Idiazabalgo alkate 20 urtean izan zen Irizar, eta beraz, herriaren alde lan asko egindakoa da.
Udaletxean ustekabean sartu zen. EAJ eta EA alderdien eszisio garaia zen, eta Eusko Alkartasunaren hautagai modura aurkeztu zen. Aurretik Eusko Alderdi Jeltzalean ibilitakoa zen, baina udaleko zereginetan eskarmenturik gabea zen. «Inoiz ahaztuko ez dudan data alkate izendatu ninduten eguna da, nire burua ez bainuen ikusten lan horretan», adierazi zion Goierritarra aldizkariari 2007an. Pixkanaka, ordea, ikasiz eta eskarmentua hartuz joan zen idiazabaldarra.
2003ra bitartean EAtik joan zen alkate. Alderdi politiko bateko kide izan arren, Irizarrek berak sarritan aipatzen zuen udaletxeko kudeaketa zela benetan gustatzen zitzaiona, eta ez politika orokorra. Koherentziaz jokatu zuen ideia horrekiko. 2003tik 2007ra bitartean EA eta EAJk koalizioa osatu zuten, eta zerrendaburu aurkeztu zen Irizar. Hauteskundeak irabazita, berriz ere alkate izendatu zuten.
CAF enpresan zituen lana eta alkatetza uztartu zituen 16 urtez. 2004. urtean liberatu modura hasi zen lanean Idiazabalgo Udalean, eta horretan aritu zen 2007ko azaroaren 19ra bitartean. Idiazabalgo udaletxeko langileetako baten hitzetan «ni goizean lanera joaterako jada udaletxean egoten zen. Bertan sartzen lehendabizikoa izaten zen, eta irtetzen ere bai gehienetan. Niri CAFeko ordutegi bera betetzen zuela esaten zidan irribartsu». Bere lanean ordenatua zela diote. «Dena txukun-txukun edukitzen zuen, eta gauza askori buruzko oharrak hartzen zituen», diote udaletxeko langileek.
2007an Izal Bai koalizioaren hautagai moduan aurkeztu zen, eta berriz ere alkatetza atera zuen. Abenduan uzteko erabakia hartu zuen, eta Ioritz Imaz egungo alkateari pasatu zion lekukoa.
2011ko udal hauteskundeetan zerrendan joan ez arren, Izal Bai koalizioari babesa eman zion.
«Beti hizketarako prest»
Irizar bost agintalditan izan zen Idiazabalgo alkate, eta horietatik lautan eskuratu zuen erabateko gehiengoa. Dena den, udalbatzan lagun izan zituenen esanetan «gehiengoa izan arren, beti akordioak lortzeko eta hizketarako prest zegoen gizona zen Antton. Siglen gainetik herriaren alde lan egitea zen bere helburua».
Alkatetzan eman zituen 20 urtetan Idiazabalen hainbat proiektu garatu zituzten: Guardi Gaineko industrigunea, Kale Nagusia berritzeko lanak, Gaztaren interpretazio zentroaren inauguruazioa, hainbat etxebizitzen eraikuntza… Pilarrenea gizarte zerbitzuetarako erabiltzea bere ideia izan zen, eta Idiazabalen izena Euskal Herrian zein munduan zabaltzeko gaztaren inguruko ekimenak ere babestu eta bultzatu zituen.
Behin alkatetza utzi ondorenean ere lanean jarraitu zuen. Turismo eta Garapen batzordean, Ingurumen batzordean eta Gizarte-Ongizate batzordean parte hartzen segitu du ia bukaerara arte.














