Zeraingo sagardotegietara joateko doako autobus zerbitzua jarriko dute abian
Zeraingo Oiharte eta Otatza sagardotegietara joan nahi dutenentzako doako autobusa ipiniko du Zerain Dezagun Fundazioak martxoaren 1etik aurrera. Hilabete horretako ostiral eta larunbat iluntzetan egongo da abian zerbitzu hori. Autobus bat Ordizia, Lazkao eta Beasaindik joango da sagardotegietara eta bestea Legazpi, Zumarraga-Urretxu eta Ormaiztegitik. Autobus zerbitzua jartzea izeneko proiektuaren barruan kokatu dute antolatzaileek. Aldabe Kooperatibak eta Zerain Dezagun Fundazioak egungo merkatuaren azterketa egin ondoren, eta turismo arloan gastronomia geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dela ikusita sortu da. «Proiektuaren helburu nagusia Zeraingo bi produktu izarrak lotzea da: gazta eta sagardoa, hain zuzen». Erreserba egin behar da Autobus bat Legazpiko elizaren ondoko autobus geltokitik abiatuko da 20:00etan, eta Zumarragako tren geltokian geratuko da 20:15etan. Zeraina joan aurretik azken geldialdia Ormaiztegiko Zubipe kiroldegiaren ondoan egingo du, 20:25ean. Beste autobusa Ordiziako tren geltokitik abiatuko da 20:00etan. Lazkaon Lazkao Txikiren plazan geratuko da 20:15etan, eta Beasaingo tren geltokian berriz, 20:25ean. Itzulera ordua berriz, 12:30erako zehaztu dute. Erreserba egiteko Oihartera (686 299 158) edota Otatzara ( 943 80 17 57) deitu behar da. Zerbitzu horren bidez kotxea hartu behar dutelako sagardotegira joateko beldurrez daudenei konponbidea eman nahi zaie. Era guztietako pertsonentzako dago pentsatuta: lagun talde txikientzat zein handientzat, lantokietako taldeentzat, familientzat, gazte taldeentzat… Sagardotegietako txotx [...]
Zeraingo Oiharte eta Otatza sagardotegietara joan nahi dutenentzako doako autobusa ipiniko du Zerain Dezagun Fundazioak martxoaren 1etik aurrera. Hilabete horretako ostiral eta larunbat iluntzetan egongo da abian zerbitzu hori. Autobus bat Ordizia, Lazkao eta Beasaindik joango da sagardotegietara eta bestea Legazpi, Zumarraga-Urretxu eta Ormaiztegitik.
Autobus zerbitzua jartzea izeneko proiektuaren barruan kokatu dute antolatzaileek. Aldabe Kooperatibak eta Zerain Dezagun Fundazioak egungo merkatuaren azterketa egin ondoren, eta turismo arloan gastronomia geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dela ikusita sortu da. «Proiektuaren helburu nagusia Zeraingo bi produktu izarrak lotzea da: gazta eta sagardoa, hain zuzen».
Erreserba egin behar da
Autobus bat Legazpiko elizaren ondoko autobus geltokitik abiatuko da 20:00etan, eta Zumarragako tren geltokian geratuko da 20:15etan. Zeraina joan aurretik azken geldialdia Ormaiztegiko Zubipe kiroldegiaren ondoan egingo du, 20:25ean. Beste autobusa Ordiziako tren geltokitik abiatuko da 20:00etan. Lazkaon Lazkao Txikiren plazan geratuko da 20:15etan, eta Beasaingo tren geltokian berriz, 20:25ean. Itzulera ordua berriz, 12:30erako zehaztu dute.
Erreserba egiteko Oihartera (686 299 158) edota Otatzara ( 943 80 17 57) deitu behar da. Zerbitzu horren bidez kotxea hartu behar dutelako sagardotegira joateko beldurrez daudenei konponbidea eman nahi zaie. Era guztietako pertsonentzako dago pentsatuta: lagun talde txikientzat zein handientzat, lantokietako taldeentzat, familientzat, gazte taldeentzat…
Sagardotegietako txotx garaia indartu eta bezero berriak erakartzeaz gain, herriko garapen sozio-ekonomikoa bera indartu nahi du Zerain Dezagun Fundazioak ekimen horren bidez.
Sagardotegietara joateko autobus zerbitzuaz gain, beste hainbat egitasmo ere abian dira. Otsailaren 6an esaterako, Sagardozale elkartearekin batera, probatzeak nola egiten diren jakiteko ikastaroa egin zuten Otatza sagardotegian. Antolatzaileek ikastaroaren balorazio positiboa egin dute, bai parte hartzaile kopuruari dagokionean, eta baita piztu zuen interesagatik ere. Horregatik, sustatzaileek bigarren ikastaro bat egiteko asmoa agertu dute.
Sagardo dastatzeaz gain, gazta probatzeak nola egin jakiteko ere saioa antolatzeko interesa agertu dute. «Lehengo saioak profesionalek lagunduta egiteko aukera baloratzen ari gara», diote antolatzaileek.
Sagardogintzaren inguruko ikus-entzunezkoa prestatzen ere ari dira Gazta eta Sagardoaren Mendia proiektuaren sortzaileak. Eta erakusketa bat erre jarriko dute.















