Goierriko urtegiak ia beteta daude eta 10 hilabeteko autonomia dute
Goierriko hiru urtegiak beraien edukieraren %92 eta %99 artean daude, eta datozen hamar hilabeteetarako bermatuta dute Goierri osorako ur hornidura. Daturik onenak dituena Barrendiola da, %100etik gertu baitago, baina Lareo (%95,3) eta Arriaran (%92,9) ere, betetze mailatik gertu daude. Datu horiek eta beste batzuk eman zituzten atzo Gipuzkoako Ur Kontsortzioko arduradunek, Goierriko hainbat alkaterekin batera, martxan dituzten azpiegiturak bertatik bertara ikusteko egindako bisitaldian. Joxean Saizar ur kontsortzioko teknikariak, ura biltzeko eta tratatzeko prozesua azaldu zuen. Biltegiei dagokionean, hiru dituzte Goierrin. Arriarangoak (Beasain) Oria ibarreko 36.398 biztanleri ematen die zerbitzua, eta 3 hektometro kubikoko edukiera du. Lareok (Ataun) berriz, 2,2 hektometro ditu, eta Ataungo biztanleei ematen die zerbitzua, baina lehorte kasuetan, Goierri beheko gainerako herrietara ere iristen da, hoditeria baten bidez. Hiruetan txikiena, Barrendiolakoa (Legazpi) da, 1,4 hektometrorekin. Goierri garaiko 26.015 biztanlerengana iristen da. Urtegi horiek, Estatu espainiarrean daudenen aldean «putzu txikiak» direla azaldu zuen Saizarrek. «Haiek beteta daudenean urtetako autonomia izaten dute, hauek aldiz, beteta daudenean ez dira urtebetera ere iristen, hamar bat hilabeteko autonomia izaten dute». Hori dela eta, uda lehorra izaten denean, iraila edo urria aldera, arazoak izaten dituzte hornidura aldetik. Saizarren ustez, «Oria ibaiaren eta bailararen etorkizuna aztertu» egin behar da. «Arriaran eta Ibiur nolabait lotu egin behar dira, eta Lareo ere [...]
Goierriko hiru urtegiak beraien edukieraren %92 eta %99 artean daude, eta datozen hamar hilabeteetarako bermatuta dute Goierri osorako ur hornidura. Daturik onenak dituena Barrendiola da, %100etik gertu baitago, baina Lareo (%95,3) eta Arriaran (%92,9) ere, betetze mailatik gertu daude. Datu horiek eta beste batzuk eman zituzten atzo Gipuzkoako Ur Kontsortzioko arduradunek, Goierriko hainbat alkaterekin batera, martxan dituzten azpiegiturak bertatik bertara ikusteko egindako bisitaldian.
Joxean Saizar ur kontsortzioko teknikariak, ura biltzeko eta tratatzeko prozesua azaldu zuen. Biltegiei dagokionean, hiru dituzte Goierrin. Arriarangoak (Beasain) Oria ibarreko 36.398 biztanleri ematen die zerbitzua, eta 3 hektometro kubikoko edukiera du. Lareok (Ataun) berriz, 2,2 hektometro ditu, eta Ataungo biztanleei ematen die zerbitzua, baina lehorte kasuetan, Goierri beheko gainerako herrietara ere iristen da, hoditeria baten bidez. Hiruetan txikiena, Barrendiolakoa (Legazpi) da, 1,4 hektometrorekin. Goierri garaiko 26.015 biztanlerengana iristen da.
Urtegi horiek, Estatu espainiarrean daudenen aldean «putzu txikiak» direla azaldu zuen Saizarrek. «Haiek beteta daudenean urtetako autonomia izaten dute, hauek aldiz, beteta daudenean ez dira urtebetera ere iristen, hamar bat hilabeteko autonomia izaten dute». Hori dela eta, uda lehorra izaten denean, iraila edo urria aldera, arazoak izaten dituzte hornidura aldetik. Saizarren ustez, «Oria ibaiaren eta bailararen etorkizuna aztertu» egin behar da. «Arriaran eta Ibiur nolabait lotu egin behar dira, eta Lareo ere hor dago».
Uraren tratamendua
Behin urtegitik ateratakoan, ura tratalekuetara eramaten dute. Arriaranen bertan dago bat, urtegitik gertu. Bertan, landu gabeko ur naturala tratatzen dute, edangarri bihurtzeko. Aurrena, mikroorganismoak eta substantzia toxikoak kendu eta depuratu egiten dute. Ondoren, oxidazioaren bidez, urak dituen metalak kentzen dira; Arriaranen bertan sortzen duten ozonoa erabiltzen dute horretarako. Dekantazio eta iragazketa prozesuetatik pasa eta gero, ur garbia eta purifikatuta ateratzen da. Azkenik, depositu batzuetan gordetzen dute, kloroarekin. Saizarrek azaldu zuenez, kloroa prozesuaren bukaeran bakarrik erabiltzen dute, eta ez hasieran; «beste toki batzuetan hori egiten dute, baina azterketek diote lehen iragazketan kloroa erabiltzeak trialometanoak sortzeko arriskua duela, eta substantzia horrek minbizia eragin dezake; guk horrekin ez dugu kloroa erabiltzen lehen fase horretan». Behin prozesu hori bukatuta, hoditeria sistema baten bidez bideratzen dute ura herri bakoitzera.
Uraren ibilbidearen azken pausoa, araztegiena da. Bertan, kolektore nagusiaren bidez jasotako ur zikinak jaso, eta «prozesu biologiko natural baten bidez, uraren kalitatea berreskuratzen da». Goierriri dagokionean, Legorretan (Gaikao) eta Urretxun (Zuringoain) daude araztegiak. Behin berreskuratuta, ur hori atzera ibaietara bueltatzen da.
«Goierrin ez da beste urtegirik behar, baina ur hordinura bermatu behar da»
Goierrin kalitate oneko ura dagoela baina kantitate aldetik hornidura bermatu behar dela uste du Iñigo Elosegi Gipuzkoako Ur Kontsortzioko gerenteak. Hala ere, ez du urtegi gehiagoren beharrik ikusten.
Goierriko urari dagokionean, zer moduz gabiltza kalitate eta kantitate aldetik?
Kalitate aldetik ondo gabiltza, ur ona dugu; kantitate aldetik, ordea, eskas xamar ere ibiltzen gara bolada batzuetan.
Lurralde euritsua da ba…
Euri aldetik nahikoa egiten du Gipuzkoan, baina ez ditugu horren azpiegitura handiak. Urtegi batek, behin beteta dagoela, 10 bat hilabeteko autonomia du. Nafarroan edo Espainia aldean, urtegi bat betetzen denean 3-4 urteko autonomia izaten du. Horregatik kontuan izan behar dugu gure kontsumoa zenbatekoa den, eta kontu egin behar zaio horri.
Horrek zer esan nahi du, urtegi edo azpiegitura gehiago behar direla?
Urtegi gehiagorik ez da behar. Ez dugu uste. Baina Oria bailaran beti justu antzean ibiltzen gara urarekin; hiruzpalau urtez behin beti izaten dugu justuko boladaren bat. Horrek eskatzen duena da, beste baliabide batzuk bilatzea hornidura hori bermatzeko, eta egon badaude; hor ditugu Lareo eta Amundarain erreka, eta azpiegitura txikiren bat eginda, garantia hori igo genezake. Hori bailara honen kasuan, gainontzekoetan ez dut behar handirik ikusten.
Eta azpiegitura hori, urtegia ez bada, zer izan liteke, ura garraiatzeko hoditeriaren bat?
Foru aldundia bi aukera aztertzen ari da une honetan. Batetik, Lareo eta Aiaiturrietako emariak aprobetxatu eta hori honuntza, Arriaran aldera ekarri, eta gero Tolosaldeko eta Arriarango bi sistemak lotzea. Eta bestea, bi sistema horiek lotzeaz gain, Lareo aldeko ura erabili beharrean, Amundarain erreka erabiltzea. Proiektua Orkli inguruan bonbeo sistema bat jartzean datza, horko urak aprobetxatzeko.
Eta aurrera begira, ba al duzue beste proiekturik esku artean?
Araztegi gehienak bukatuta daude. Orain gelditzen zaiguna, herri batzuk kolektore orokor horrekin lotzea da. Goierriko kasuan, Zaldibia, Gabiria, Mutiloa, Arama eta Altzaga lotzea falta zaigu. Hortik aurrera hasiko gara auzoetako ur zikinak garbitzen, adibidez hemen, Garin, Astigarreta eta gainontzeko auzoetan.