Dabilen Elea saria eta Eusko Ikaskuntza saria emango dizkiote Joxe Azurmendiri
Aurtengo Dabilen Elea saria Joxe Azurmendiri emango diote, euskal liburugintzan egin duen ibilbide “luze eta oparoa” errekonozitzeko asmoz. Azaroaren 5ean Donostian egingo den Euskal Liburuaren Gauaren barruan emango diote saria antolatzail...
Aurtengo Dabilen Elea saria Joxe Azurmendiri emango diote, euskal liburugintzan egin duen ibilbide “luze eta oparoa” errekonozitzeko asmoz. Azaroaren 5ean Donostian egingo den Euskal Liburuaren Gauaren barruan emango diote saria antolatzaileek, Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleaniztunaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak. Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariagak (2008), Juan Mari Torrealdaik (2009), Itxaropena argitaletxeak (2010) eta Mariasun Landak (2011).
Eusko Ikaskuntza saria, berriz, Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzen Saria da. 1995ean eratu zen jardueran dauden Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorretako pertsona ospetsuak ohoratzeko ematen da sari hau, alor horiek adierarik zabalenean ulerturik. Sarituriko pertsonaren obra osoak Euskal Herriko garapen kulturalean modu eraginkorrean lagundu behar izan du.