Herri eta kultura ezberdinetako emakumeekin topaketa egin dute Zumarragan
Euskal Herriko hainbat herri eta emakume elkartetako kideak Zumarragan bildu dira gaur, kultura arteko emakumeen topaketa egiteko. Bertan, batez ere, emakume etorkinen egoera landu dute, genero ikuspegitik.
Aurora Iturrioz, Urola Garaiko Mankomunitateko berdintasun teknikariak azaldu duenez, 2009. urtetik ari dira emakume talde batekin lanean. “Urola Garaitik emakume etorkinen talde baten dinamizazioa bultzatzen dugu, eta talde horrekin jabekuntza prozesu bat egiten dugu, genero ikuspegia landu eta beraien egoeraren inguruan hausnarketa bat egiteko, beti ere genero ikuspegi horretatik”.
Horretan, mankomunitatea elkarlanean ari da Oreretako Garaipen taldearekin. “Emakume etorkin eta euskaldunen talde bat da eta jabekuntza prozesu horietan lan berezi bat” egiten dutela azaldu du Iturriotzek. Elkarte horren bidez, beste hainbat elkartetako emakumeekin ere izan dute harremana, eta gaur, Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritakoak bildu dira Zumarragan, hala nola, Orereta, Santurtzi, Getxo, Basauri, Donostia eta Ordiziakoak, Zumarragako Sua taldekoekin batera.
Elkarte horiek topaketak egiten dituzte, eta aurten, Zumarragan bildu dira. Izan ere, herri horretan egiten ari diren prozesuaren baitan sortu da Sua taldea, eta aurten beraiei tokatu zaie topaketa antolatu eta gainontzeko elkarteei harrera egiteko lana.
Elkarte hori sortu eta indartzea da helburua, beraien artean elkartu eta elkar lagundu dezaten. Izan ere, Iturriotzen hitzetan, “emakume etorkinen egoera oso gogorra da; atzerritasun legea dela eta, asko egoera irregularrean daude, askok ia esklabutza egoeretan lan egiten dute… horregatik da interesgarria etorkinen eremuan genero ikuspegitik azterketa bat egitea, inmigrazio fluxu horren kopururik handiena emakumeena baita”. Horietako askok adineko pertsonak zaintzen egiten dute lana, eta horrek, askotan, beraien familiaren zaintza alde batera utzi eta besteenaz arduratzea eskatzen die.
‘Voces contra el silencio’ dokumentala
Zumarragan bildu diren emakumeen, beraien esperientziak elkartrukatzeko aukera izan dute. Solasaldiaren ondoren, emakume etorkinen egoera azaltzen duen Voces contra el silencio dokumentala estreinatu dute. 2011. urtean hasi eta 2012an bukatu zuten lan hori. Iturriotzek azaldu duenez, “inmigrazioari buruzko diagnosia egin genuen, baina konturatu ginen diagnosi hori ez zuela inork irakurriko, eta diagnosi horretako datuetatik abiatuta, bideo bat egitea pentsatu genuen, horrela errealitate hori jendeari iristaraztea errazagoa izango zelakoan”. Bideo horretan hainbat emakume etorkinek parte hartu zuten, beraien ahotsa jarriz eta haien esperientziak kontatuz. Gaur aurkeztu dute dokumentala, baina beraien asmoa herritarrei zabaltzea eta beste herri batzuetan ere ikusgai jartzea da.