Irungo Mendizaleen Orientazio Sailak antolatutako Gipuzkoako I. Rogainean “dena ondo” atera da. Hala baloratu dute, gaur, larunbatean jokatu zen estreinako proba. Guztira 120 lagunek parte hartu zuten orientazio kirol proban, Aralarko parke naturalean. Euskal Herriko kirolariez gain —nafarrak ziren ugarienak—, Espainiatik, Kataluniatik nahiz Galiziatik etorri ziren.
Taldeka garatu zen proba, 11:00etan Lizarrustitik irten eta sei orduren buruan atzera han bukatzeko. Gutxienez bi lagunek eta gehienez bostek osatu zituzten taldeak. Denera 59 talde ziren, horietatik 15 maila herrikoikoak. Aralarren Gipuzkoako zatian 50 baliza barreiatu zituen antolakuntzak aurretik, eta haietara iristea zuten egitekoa, mapa berezi batekin eta iparrorratzaren laguntza soilarekin.

Rogaineko 120 partaideak, irteerako marran.
Balizen puntuazioa gehienez 275ekoa izan bazitekeen, puntu gehien batu zituen Columbia Vidaraid-ek 144 bildu zituen, gizonezko seniorren arloan. Bi puntura soilik geratu zen bigarren sailkatua, Astur Extrem II taldea.
Mailaka, hona hemen Gipuzkoako I. Rogainearen emaitzak:
Juniorrak eta beteranoak (2 talde):
- CDN Zizurteam (84 puntu).
- Aitzarte MT (75)
Gizonezko seniorrak (18 talde):
- Columbia Vidaraid (144)
- Astur Extrem II (142)
- SMOG (120)
- Basurde Galduak CDN (118)
- Txantxikutarrak (109)
Emakumezko seniorrak (3 talde):
- Presibane Neskalatza (50)
- Neskalatzaileak (42)
- Baliza is coming (41)
Senior mistoak (13 talde):
- Capraalpina (97)
- Frosteam (95)
- Cob de Falç (75)
Gizonezko beteranoak (4 talde):
- BROS (120)
- Desorientados (104)
- Hop Hop (96)
- El Viejito y el Gordo (92)
Beterano mistoak (4 talde):
- Monte El Pardo (67)
- Montaña Ferrol 1 (53)
- Canaryfrance dreamte (44)
- Txinbeleta (41)
Herrikoia (15 talde):
- IMOS 2 (76)
- Akerrak (62)
- Patuque (58)
- Robotxanklas NKE (54)
- Mugus (53)

Partaideak mapa aztertzen, abiatu aurretik.