
Igandera bitartean bi erakusketa daude ikusgai udaletxeko erakusketa aretoan. Bata, Sara Gomezen Margarita eta bestea, Aterpeko kideen eskulan erakusketa. Gainontzean, datorren ostiralean Gazte Bidean lokalean belaunaldien arteko elkartrukea egingo dute. Joko ezberdinak egingo dituzte 17:00etan, eta afari merienda 19:00etan. Larunbatean, Lekaio kultur elkartea antolatutako Baserriko lan tresnak erakusketara bisita gidatua egingo dute. Amaitzeko, igandean Adineko Pertsonen Eguna izango dute. Besteak beste, 13:15ean herriko pertsona nagusienari omenaldia egingo zaio, 14:15ean bazkaria izango dute Ederrenan eta dantzaldia, bazkal ondorenean.

Zumarragako Udalak zabaldu du Filipina Uharteak kaleko errepidea. Abuztuan kalean egindako lanen ondoren, aurreko larunbatean ireki zuten, eta gaur La Salle-Legazpi ikastetxeko jardunaren hasierarako errepidea zabalik egon da. Norabide bakarrekoa da, bi bide ditu eta ibilgailuek Renfeko zubitik gora baino ezin dute egin. Kalean hainbat berrikuntza egin ditu udalak: ur hoditeria, espaloiak, argiztapena eta zuhaitzak, besteak beste.



San Adriango leizeak eta inguruek denborari buruz hitz egiten dute. Adolfo Moraza Aranzadi elkarteko arkeologoaren eta historialariaren arabera, «Euskal Herrian badaude hainbat leku mitiko, eta San Adrian horietako bat da». Izaera mitikoa ez dio bakarrik historiak berak ematen, naturak berez sortutako pasabidea baita, «gizakiak gerora moldatu duena».

Pasa den asteburuan Vichyn (Frantzia) egin den Ironman proban parte hartu du Gema Hernandez triatletak (Urretxu, 1978). Oso gustuko du kirola, eta labide ere bihurtu du. Zumarragako Ispilla kiroldegian egiten du lan eta duatloietan eta triatloietan parte hartzen du. Iaz, ordea, Ironman proba batean parte hartzea erabaki zuen, eta Frantziakoa izan da lehena. Emaitza bikaina lortu du, gainera: 35 eta 39 urte arteko emakumeen artean Europako txapeldun tituluarekin itzuli da Vichytik.

Eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, jendetza bildu da aurten ere Kizkitzan, bertako ama birjinaren eguna ospatzeko. Mendiko botak lokaztu eta gero, meza eman zuten. Gorka Azkarate eta Asier Sasieta bertsolariek eta Lutxurdio eta Aitziber trikitilariek girotu zuten eguna.


