Superkoparik gabe geratu da Ampo Ordizia
VRAC Quesos Entrepinares taldeak txapeldun titulua berretsi zuen atzo Altamirako estadioan Ampo Ordiziari Superkopako norgehiagoka irabazita. Errugbiko Superkoparen finala 3-14 galdu zuen etxeko taldeak. Emaitza horrekin ezin izan zuten iazko arantza atera; orduan ere Valladolidekoen aurka jokatu eta galdu zuten Superkopa. Hala ere, festa eguna zen Ordizia Rugby Elkartearentzat sortu zeneko 40. urteurrena ospatu baitzuten.
Giro bikainean jokatu zen eguerdiko ordubatean Superkopako finala Altamiran. Ehunka lagun gerturatu zen Ordiziako estadiora —1.000 eserleku gehiago jarri zituzten— eta Burrunbazale txarangak jarri zuen festa puntua. Ordiziarrek baina ezin izan zuten eguna garaipen batekin borobildu.
Ampo Ordiziako talde berritua gogoz atera zen zelaira, lehenengo entrenatzaile papela hartu berri duen Santos Regilen gidaritzapean. Valladolideko taldeari gauzak zail jarri bazizkioten ere, hauek aurretik joan ziren partida osoan. Lehenbiziko zatian batez ere aukera onak izan zituzten Ampo Ordiziakoek baina erasoak amaitzeko ideiak falta izan ziren. Bigarren zatian jokalari gutxiagorekin gelditu zen Quesos Entrepinares Tuconni hirugarren lerroaren kanporatzearekin, baina defentsa gogorra egiten jarraitu zuten.
Festa eguna
Partidaren aurretik omenaldietarako tartea hartu zuten Ordizia Rugby Elkartekoek. Hain justu ere, duela 40 urte klubaren sorreran eta ondoren lanean aritu direnak omendu zituzten. Hauek eta errugbian dabiltzan gaztetxoek egin zieten harrera zelaian bi taldeetako jokalariei.
Behin norgehiagoka amaitu eta hirugarren denboraren ondoren, ahoko zapore gazi-gozoarekin, herriko Plaza Nagusian jarraitu zuen festak. Bertan ehunka lagun elkartu ziren herri bazkarian klubaren urteurrena ospatzeko.
Jaun Perez Ampo Ordiziako jokalariak zapaldua jaso zuen partiduan, Tucconi kanporatua izan zen.














