Basoen ustiapenari buruz hitzaldia dago gaur Ataunen
Ataungo I. Ingurumen Jardunaldietan, azkeneko bi ekitaldiak aste honetan izango dira, Atauniker elkarteak antolatuta. Batetik, Basoen ustiaketak eta inguruaren babesa hitzaldia egingo dute Arturo Elosegi biologoak eta Joseba Arrieta mendi ingeniariak. Solasaldia gaur, osteguna, 19:00etan hasiko da, udaletxeko ganbaran. Bestetik, igandean (irailak 22) mendi ibilaldi gidatua izango da, Iñaki Aizpuru botanikoarekin. Lizarrustitik San Martinera da oinezko txangoa. Hiru ordu eta erdi edo lau orduko bidean, basoen erabilera eta zainketa nolakoa den ikusiko dute, bertatik bertara. Autobusa 08:00etan irtengo da, San Martingo plazatik. Garraioa eta hamaiketakoa 5 euro ordaindu behar da. Aurrez izena eman behar da (645 73 88 58, Jexux; edo 649 83 56 61, Joxan).













