
Giroan ere nabarmentzen da, egunak laburtu eta tenperatura jaisten hasia da gauetan. Horren ondorioz, barazki eta fruituen eskaintza urtaroarekin batera aldatzen ari da; oraindik udakoak aukeran baldin badaude ere, udazken negukoak poliki-poliki tokia hartzen hasiak dira.
Lehenbizikoak brokolia (1 eta 2,8 euro artean burua) eta lonbarda aza (1-1,5 euro buruko), izan ziren. Duela bi aste ekarri zituzten lehenak; atzoz geroztik azarola (1-1,5 euro), bruselaza (4 euro kiloa) eta barazkietan ederrenetakoa den romaneskua (1-1,5 euro buruko) eros daitezke.
Bestalde, babarrunak dira udazkeneko produktu preziatuenetakoa, oraingoz Ordizian txuri freskoa (lekan) eta gorria (aletua) ekarri dituzte; beltza, beste feria batzutan fresko-freskoa eta lekan salgai bada ere, hemengo ekoizleek aurten euren baratzetan ohi baino beranduago datorreneko kontua eman digute.
Pikua eta irasagarra
Fruituetan ere izan da berririk, aurten emankor daude piku arbolak lehenak atzo salgai ziren (2,5 eta 3 euro artean kiloa). Irasagar dultzea egin nahi duenak fruituak eros ditzake (2 euroan). Zerrendari eransteko sagar mota berri bat ere bada: erreineta grisa (2,10 euroan kiloa).
Barazki eta fruta berrien ugaritasunaren kontra, onddo eta perretxikuen eskasia aipatu behar. Izan bazen bai kilo mordoxka, baina kanpotik inguratuak. Hemengoak, kilo eskas onddo, eta zizahori eta gibelurdin gutxi batzuk besterik ez ziren aukeran. Esperantza ez dute galdu biltzaileek, ordea: «gaur ilargi betea dugu eta ea horrek kolpea eragiten duen». Gertatzen denaren lekuko izango gara datorren astean, udazkeneako lehen ferian.