Joanito Dorronsoro ataundarrak ipini dio Amets Artzallus bertsolari txapeldunari txapela; bertso eskoletan eta eskola-bertsoetan lan eskerga egina da. Bide onean dakusa bertsolaritza. Finaleko bertso giro «beroak» xurgatuta, aurrez zuen urduritasuna lurrundu zitzaion Joanito Dorronsorori (Ataun, 1936) igandean BECen, Amets Artzallus bertsolari txapeldunari txapela jartzera igo zenean. Bertsolaritza zabaltzeko eta ikertzeko egin duen lana eskertu dio elkarteak. Baita berak ohorea itzuli ere. Zumaian bizi da gaur egun. Aurrena apaiz izan zen (Gaintzan eta Itziarren, Zumaiara iritsi aurretik). Sotanarekin batera buzoa ere erabili zuen hamar urtean, apaiz zela fundizioan lan egin baitzuen. Ondoren, ezkondu, eta bertso eskola eratzeari, Aita Mari ikastolan bertsolaritza irakasteari eta horietan bertsogintza metodologia prestatzeari eman zitzaion, buru-belarri. Doinutegia ere bildu zuen. 3.200 doinu daude bilduman, gaur egun.
Zer moduz igandean BECen?
Oso ondo. Txapelketa maila handikoa eta eguna gogoangarria pasatu genuen. Halako giroa, Euskal Herri guztiko bertsozaleak bero-bero, halako bertsolariak, halako saioa… Oraindik gogoangarriagoa niretzat, inguruan eduki genuen giroagatik. Iñaki Murua, Lazkano eta hauen inguruan pasatu nuen egun guztia. Lagunak ere halakoak, girotzeko. Oso gogoangarria eta pozgarria, bai.
Lan gehigarri bat bazenuen, txapela jartzekoa. Jartzea bera ohorea zela esana zenuen aurretik ere.
Ohorea sentitzen nuen, gure garai bateko ametsak gaindituta ikusten nituelako. Harrotasun hori. Halako bertsozale beroak eta bertsolariak, gutxi gora-behera guk garai batean bertsolaritza berritu nahian amesten genuen eta saiatu ginen hori, halako fruituak emanda ikustearekin oso harro sentitu nintzen. Gazteenganako transmisioa, irakaskuntzan sartuta, bertso eskolak herri guztietan eman, bertsolari zaharren etena gazteengana izan ez zedin… Garai bateko gure amets horiek beteta eta gaindituta ikusten genituen.Beste aldetik, esker onez, nire lana onartu zutelako Bertsozale Elkartekoek. Bi gauzak: harrotasuna eta esker ona. Eta urduritasuna ere bai pixka bat.
Urduri igo al zinen oholtzara?
Aurrez gehiago. Oholtzan ez nuen nire burua urduri ikusi. Bertso giro hark xurgatuta eta giro harekin zeharo sartua, ez nuen sentitu urduritasunik.
Joanito Dorronsoro./Jon Urbe
Eta, txapelduna, Amets Artzallus. Aurretik ere ezagutuko zenuen Zumaiatik, ezta?
Bai. Erdi zumaiarra da, eta bizi ere asko bizi izan da hemen. Hartu-eman handia dugu amonarekin eta osabekin eta. Ama du zumaiarra. Oso gertukoa da. Txapela Ametsi jartzea oso berezia izan da. Baita ere berezia, Jon Maiaren hutsegitea joan zelako.
Finala gustatu al zitzaizun?
Asko gustatu zitzaidan. Nik uste, denoi. Zein baino zein aritu ziren denak. Guri giro ederra iritsi zitzaigun, eta halaxe bizi izan genuen. Bertsozaleen giro horrek ere asko egiten du. Juan Mari Lekuonak esan zuen, «labe beroan askoz hobeto egosten da». Oso desberdina da halako giroan egon ala hamar laguneko lagunartean egon, beste erlazio batzuk dira. Euskal Herri osoko gertakizun pozgarria da gainera, euskaldunok askotan oztopoz eta euskaraz bizi nahi dugunok ezinean ibiltzen gara egunero, eta horrelako jai bat guretzat aparteko arnasbidea da. Nik uste, txikiak izateak askotan abantailak ere badituela. Hizkuntza eta nazio handi horiek horrelakoen beharrik ez daukate, baina gozamenik ere ez! Lanak bere gozamena ekartzen du askotan. Guretzat, hizkuntza minorizatuaren egoera larri honetan, oso sendabide eta indarberritze handi bat suposatzen du.
Egokia iruditzen zaizu bai Txapelketa Nagusiak, bai bertsolaritzak orokorrean daraman norabidea?
Bai. Akatsak baditu, eta nik ikusten ez ditudanak ere izango ditu. Baina oso-oso lanbide ona egiten ari dira. Jende oso burutsua dabil, zer egiten ari den ondo dakiena, eta oztopoak oztopo, oso ondo bideratzen ari dena. Transmisio aldetik, zabaltzen asko ari da herriz herri, bertso eskolak Zuberoatik Erriberaraino… Eta munduko beste hizkuntzetara irekia. Ikerkuntza oso inportantea da, bertsolaritzak bere muinean aurrerabidea ekartze hori. Bertsozale Elkartea egitura oso-oso inportantea da. Kanpotarrak-eta ere, nik uste, gehien-gehien txunditzten dituena dela profesional oso onak daudela, baina baita militanteak ere aldi berean. Txapelduna edozein organizazio eskasetako gauzak egiteko inongo arazorik gabe, elkartasun izugarria, inportanteerik eta behekorik inor ez dela. Asko harritzen die horrek ere. Oso ondo dabil Bertsozale elkartea.
Zure lan aipagarrietako bat, bertso eskolak sortzea eta bertsolaritza eskolan sartzeaz gain, doinutegia biltzea izan da. Segitzen al duzu?
Bai, beti ematen du zerbait, berritzen ari den lana delako. Lehengo doinuak-eta jada nahiko aztertuak dauzkat. Hala ere, hor ere beti sortzen da uste gabeko bertso zaharren bat, eta erne segitzen dut. Batez ere, bertso berrien ekarpena dago. Oraindik txapelketetan ekartzen dituzte bertso berriak, eta horiek aztertzen, jasotzen, solfeoz idazten eta Interneten jartzen segitzen dut. Musikariek ere, Joseba Tapiak berak zenbat doinu berri egokitu dituen azkeneko diskoetan. Beti dago doinu berriak ekartzeko joera.
Behar beste doinu berri izaten al da?
Bai, nik uste dut baietz. Doinutegirako nik den-dena —liburu, disko, kaseteak…— hustu eta aztertu ditut, eta 3.200 doinu dauzkagunak jasota. Orduan, beharbada bertsolari batentzat buelo gehiegiko trajea da. Bertsolariak, asko erabilita ere, 350 bat doinurekin ibiltzen dira. Baina hortxe daude beste horiek ere, nork erabiliko zain. Tartean egongo dira perla oso ederrak ere.
Pertsonalki, zu ataundarra zara izatez. Non jaioa?
Ataungo San Gregorio auzoan, hain zuzen San Gregorio Txiki da gure etxea. Ez gara baserritarrak, elizari erantsita dagoen etxean jaioa naiz. Beharko gero apaiz atera, jaiotetxea han edukita. Esan besterik ez dago: gure etxeko ganbara elizako sakristia da. Pentsa! Gu akolito, eta apaizak han kanka! jotzen zigun egurrezko zoruan, ordua inguratzen ari zenean, joateko elizara.
Haurtzaroa-eta Ataunen igaroko zenuen.
Lehenbiziko urteak, inportanteenak nik uste, seminariora 11 urterekin joan arte Ataunen bai. Ataungo kasta, “Ataungo fruttue, ez hala ohittue”, esaten den bezala. Geroztik ia asko kanpoan. Gero, Gaintzan egon nintzen apaiz, eta hantxe zaletu nintzen ni bertsoetara. Etxetik ere banekarren, gure aitak zenbat aldiz kantatu zizkigun Markesaren alaba bertso guzti-guztiak; sorta osoa buruz zekien aitak. Amonak ere “Iragan festan biharamunian” [kantatuz] eta holakoak eta. Etxetik kantariak baziren, baina bertsozaletu benetan Gaintzan egin nintzen. Apaiz Gaintzara joan nintzen, Goierrin, eta oso bertsozaleak ziren han. Hantxe ibiltzen ginen gazte jendearekin puntuka tabernara joandakoan, eta gero San Migeletan sekulako bertso jaialdia muntatzen genuen, Sukiarenetik altabozak jarrarazi, eta Uztapide eta Basarri normalean, Lasarte alditan… Uf! han oso-oso bertsozaletuta, eta handik jarraitu nuen gero.
Gero, Zumaiara ezkonduta joango zinen?
Ez, ez. Apaiz etorri nintzen. Gaintzatik Itziarren egin nuen urtebete, eta gero Zumaian. Hemen, apaiz izanik, fundizio fabrikan ibili nintzen hamar urte. Egun erdia fundizioan egiten nuen lan. Zumaian ezkondu nintzen, apaiz urte batzuk egin ondoren. Ikastolaren sorreran, eta ikastolarekin batera harako bertso antologia prestatzen, gero bertso eskolak sortzen… mugimendu horretan. Bertsozale Elkartearen sorreran, eta mugimendu horretan tokatu zitzaigun.
Irakaskuntzan bertsolaritza sartzea zer nolako esperientzia izan zen? Zer fruitu eman du?
Egia esan nik gaur gertu-gertutik ere ez dut jarraitzen. Badakit hor jende asko dabilela, gure ametsa ere hori zen: bertso eskoletan eta eskola guztietan sar zedila nahi genuen. Nahiz eta Espainiaren menpe egon, eta bere irakaskuntzako programetan ez den horrelako gauzarik sartzen —normala da—, baina gure herrian, gure eskolak izatekotan, ahozko hizkuntzak eta bertsolaritzak izan duen garrantzia izugarria izan delako, guk esaten genuen hori gure eskolan behar-beharrezkoa genukeela, literaturan baino ere tradizio aberatsagoa izan baitugu guk ahozkotasunean. Besteek literatura sartuko dute, horretan izan direlako gehiago, eta ahozkotasuna aspaldi galdu zutelako gehienbat. Baina gure programan, eta gure tradizioa eta gure historia ezagututa, bete-betean sartu beharreko ikasgaia zen bertsolaritza. Horrela ekin genion, eta zabaldu asko egin da. Bertsolari asko dabil jada irakaskuntzan irakasten. Badakit, baita ere, metodologia asko aurreratu dela, gu hasieran hasi ginenetik. Baina ez nizuke horrela garbi esango zenbaterainoko ondo dagoen metodo aldetik. Nik uste asko aurreratu dela, eta ondo doala.