Beasainen etorkizuna jokoan
Udal hauteskundeetako programak aurkeztu dituzte EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek. Aitor Aldasoro, Nerea Manzisidor, Eva Alvarez eta Julio Herrero dira alkategaiak. Haien proposamen nagusiak eta hautagaien profilak aztertu ditu Hitzak.
Beasaindarrek lau hautagai zerrenda izango dituzte aukeran maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. Duela lau urte bezala, EAJk Aitor Aldasoro aurkeztu du alkategai, eta PPk Julio Herrero. EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, alkategai berrien alde egin du apustu, lehenak Nerea Manzisidor eta bigarrenak Eva Alvarez aurkeztuta. Egunotan, datozen lau urteetarako asmoak eta proiektuak aurkezten ari dira buru-belarri hautagaiak.
EKONOMIA
Enpleguari begira, ekintzailetza eta formazioa garatzen jarraitzea da EAJk datozen lau urterako duen asmoa. Era berean, Sprirekin elkarlanean, enpresa berriak kokatzeko zoru industri- alaren inguruko lanketa egingo du. Merkataritza indartzeko, Gipuzkoa plaza eta Arana kalearen arteko zubia eraiki eta lehen sektorea indartzen jarraitzeko, azokak sustatzen jarraituko du.
EH Bilduk prekarietatearen aurka egiteko prekarietatearen eta pobreziaren aurkako saila sortzea, eta azpikontratazioen aurka eta kontratazio zuzenaren alde egitea jaso ditu programan. Bertako merkataritza sustatzeko, sentsibilizazio kanpainak garatuko ditu.
PSE-EEk kalitatezko enplegua bultzatzea eta lan munduan txertatzea sustatzea du helburu, tokiko eta eskualdeko enplegu planaren bitartez. Merkataritza sustatzeko, herriko saltokiak sare digitalean sartzeko erakusleiho digitala sustatzea aurreikusten du.
ONGIZATEA
Gizarte politika eraginkorrak sustatzea eta bereziki adineko pertsonen ongizatea bermatzea dira EAJren lehentasunak. San Martin baselizan gizarte zerbitzu berriak ezartzeko lana egingo dute. Aranealde elkartea ere lekuz aldatzea aurreikusten dute, berdintasuna eta bizikidetza sustatzen jarraitzearekin batera.
EH Bilduk «justizia sozialerako bidean, bigarren mailako beasaindarrik gabeko herria» du helburu. Horretarako, gizarte zerbitzuen barruko atal berezi bat sortzeko asmoa dute, eskuragarri dauden baliabideetarako bidean formazio eta arreta zerbitzu integrala emateko. Bestalde, etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko plangintza egitea eta eraikiko diren etxebizitza bakarrak alokairurako etxebizitza sozialak izatea du erronka.
Alderdi sozialistak haurrentzat eta gazteentzat babesa, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako arreta hobetzea eta Etxez Etxeko laguntza zerbitzua, familien esku hartzea eta adinekoei zuzendutako jarduerak hobetzea ditu helburu. Bestalde, diru laguntzen bitartez gazteentzako eta guraso bakarreko familientzako alokairuzko etxebizitzak sortzeko neurriak sustatuko ditu.
KULTURA, KIROLA, EUSKARA
Kulturaren arloan Igartza Musika programan sakontzea eta Bonberia eraikina dantzaren kokaleku bihurtzea dira EAJren asmo nagusiak. Euskarari dagokionean, euskararen erabilera indartzeko martxan jarritako egitasmoekin jarraitu eta berriak abiaraziko ditu. Kirolean, azkenik, gune berriak sortzearekin batera, kirol jarduera ezberdinak eta berriak bultzatuko dituzte, besteak beste, txirrindularitza.
EH Bilduk kultur etxe oso eta berri bat egitea jaso du programan. Bestalde, euskararen ezagutza eta erabilera datuak hobetu nahi dituzte, guztia koordinatzeko, Euskara Saila berresku- ratuta. Azkenik, kirol eta aisiaren eskaintza aniztasun funtzionala duten pertsonetara egokitzea dute helburu.
PSE-EEk euskararen arloan, udal informazio elebiduna bermatzea du helburu.
HIRIGINTZA
EAJk agintaldi honetan landu dituzten proiektuak aurrera eraman nahi ditu Dolarea parkea berrituz, Igartza Oletako noranzko bikoitza berreskuratuz eta Gernika pasealekuan aparkalekuak gehituz. Bestalde, irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko Oriamendi eta Nafarroa etorbidearen artean igogailua ezartzeko aukera aztertuko dute. Horrezaz gain, proiektu berrien artean, kiroldegi ondoan biribilgune berria, San Inazio kalea eraberritu, Oriamendi kalea txukundu, Ezkiaga auzoa berrurbanizatu eta burdinbide gunea eskuratzeko urratsak egiten jarraitu nahi dute jeltzaleek datozen lau urteetan.
EH Bilduk eraikin publikoetan irisgarritasun osoa bermatu, eta eraikin pribatuetan irisgarritasuna hobetzeko laguntza zuzenak martxan jarriko ditu, eta aniztasun funtzionala duten herritarrentzat erraztasunak jartzeko lan egingo du. Bestalde, Bernedo Eneko eremuan taxi eta autobusentzako geltokia eta ibilgailuentzako aparkalekua bilduko dituen eraikin bat egitea jaso du programan, eta gune intermodala osatzeko, tren geltokirako oinezkoentzako sarbidea egokitzea eta erraztea. Mugikortasunarekin lotuta, Salbatore eta Ezkiaga auzoak lotuko dituen autobus elektrikoaren zerbitzu iraunkorra aurreikusten du. Bista Alai eta Ezkiaga auzoak biziberritzeko eta berritzeko proposamenak ere bildu ditu EH Bilduk.
PSE-EEk Beasain Institutura doazen eskailerak berritzea, Nekolaldeko bizilagunekin ingurune hori mantentzeko hitzarmena negoziatzea, Arriarango presaren inguruan jolaserako eta aisirako gune bat sortzea eta Ezkiagako Eguneko Zentrora irisgarritasuna hobetzea jaso ditu programan.
UDAL ANTOLAKETA
EAJk kudeaketa eraginkorrean, gertutasunean, gardentasunean eta partaidetzan oinarritzeko konpromisoa berretsi du hauteskunde programan. Horrekin batera, parte hartze erreala arautzea eta sistematizatzea, Haurren Hiria proiektua abiaraztea, zerbitzu telematikoak areagotzea, iGunea arratsaldez zabaltzeko aukera aztertzea eta kalitatezko zerbitzu erosoak eskaintzen jarraitzeko eta berriak abiarazteko asmoa ere azaldu du EAJ-k: NAN egiteko aukera, IAT, udaltzaingoa 365 egunetan…
EH Bilduk udal antolakuntza berrantolatu nahi du, batzorde anitz, ireki eta erabakigarriak ezarriz. Bestalde, baliabideak jarri nahi ditu erabaki garrantzitsuak herritarrek har ditzaten. Horretarako, informazio ulergarri eta zehatza herritarrei heleraztea, eztabaidarako guneak sortzea eta erabakiak herri galdeketa bidez hartzea nahi du EH Bilduk.
PSE-EEk ere, udal sailak berrantolatu nahi ditu, kudeaketa hobe baterako, «ardurak mugatuz eta ekintza transbertsal batekin».