Iker Irribarria: "Sentsazio onekin nago, are gehiago txapeldunari irabazi ondoren"
Iker Irribarriak eta Danel Elezkanok gaur goizean aukeratu dute igandean Eibarren jokatu duten finalerdiko materiala. Zaratamokoren jokoa "desorosoa" zaiola nabarmendu du Aramakoak.
“Apostuak nire alde egotea jendeak nigan duen esperientziaren ondorio da. Sentsazio onekin nago, are gehiago txapeldunari irabazi ondoren. Altuna III.aren aurkako partida oso garrantzitsua zen niretzat, konfiantza berreskuratze aldera batez ere”. Iker Irribarria pilotari aramarrak gaur goizean egindako adierazpenak dira horiek, Eibarko Astelenan egindako pilota aukeraketa bukatu berritan. Irribarriak 106,5 eta 106,2 gramoko pilotak aukeratu ditu, eta Danel Elezkanok zertxobait arinxeagoak: 105,9 eta 106,5.
Buruz buruzko txapelketaren bigarren finalerdia igande arratsaldean jokatuko da Eibarren (17:30). Aurrenekoan, Urrutikoetxea eta Ezkurdiak neurtuko dituzte indarrak, larunbatean, Bilbon. Irribarriak eta Elezkanok ez dute sekula jokatu elkarren aurka buruz burukoan, nahiz eta azken hiru urte t’erdian 23 aldiz aritu diren aurrez aurre. Gaurko pilota aukeraketan elkarri dioten errespetua agerikoa izan da.
Materialarekin aitzakiarik ez
Aramako pilotaria “pozik” geratu da aukeratutako materialarekin. “Danelenak lurrean gehiago ibiltzen dira, baina ez dago arazorik. Astelenako zoru berrira egokitzea kostatzen ari zait, eta horregatik kostatu zait aukeratzea”. Zaramatokoaren jokoa “deserosoa” zaiola nabarmendu du Irribarriak: “Asko presionatzen du, eta boleaz min handia egiten du. Ea pilota ondo astintzea lortzen dudan, Danelen boleei erantzun ahal izateko batez ere. Jendeak uste duena baino gehiago jokatzen duen pilotaria da Danel, eta gainera ez du oparirik egiten”.
Danel Elezkanoren ustez, lau pilotak “onak” dira jokorako. “Nireak lurrean gehiago ibiltzen dira, Ikerrenak lasaiagoak dira”. Igandekoa “partida zaila” duela dio, batez ere Irribarriak bere jokoa egitea lortzen badu. “Gogotsu nago, eta partida on bat jokatzea espero dut. Irribarriaren aurka jokatzea saria da niretzat, txapela bat baduelako eta beti goian ibili delako. Igandean erasokor aritu behar dut, eta aurrean jokatu”.