Leiho eta balkoi apainenak sarituko dituzte larunbateko azokan
Uztaileko larunbateko azoka berezia etzi egingo da Loinazko San Martin plaza azpian, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, udako produktu ugari izango dira: piperrak,kalabazinak eta alberjiniak. Barazkiez gain, ohi bezala, eztia, gazta, gozoak, haziak, loreak, ogia eta txerrikia ere izango dira salgai. Bestalde, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka ere banatuko da azokako erosleen artean.
Ekintza osagarriei dagokienean, 11:30ean, Amets harrapatzaileak egiten ikasteko tailerra egingo dute haurrentzat eta 13:30ean, lorez apaindutako leihoen eta balkoien lehiaketako irabazleei sariak banatuko dizkiete. Era berean, 12:00etatik aurrera, Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta pandero jotzaileek alaituko dituzte kaleak eta azoka. Azokaren amaieran, bertan erosketak egindakoen artean bi saski zozkatuko dituzte.
Bihar azoka Ezkiagan
Bestalde, bihar, 17:00etatik 19:30era bitartean, Ezkiaga auzoan hileko lehenengo ostiralean egiten den azoka egingo dute. Hainbat motatako postu jarriko dituzte Ezkierdi pilotalekuan.