Afizionatuetako txirrindularirik onenak izango dira igandean 92. Loinatz Klasikoan
Elita eta 23 urtez azpikoen mailako txirrindularirik onenak elkartuko ditu Loinatz Txirrindulari Elkarteak 92. urtez antolatu duen Klasikoak.
Hego Euskal Herriko eta Espainiako elite eta 23 urtez azpikoen mailako txirrindularirik onenak elkartuko dira igandean Beasainen, Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatutako 92. Loinatz Klasikoan. Nafarroa Etorbidetik 09:30ean abiatuko dira 29 taldetako 203 txirrindulari. Tartean izango dira Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz-Laboral Kutxako txirrindulariak: Unai Iribar, Iker Ballarin, Eneko Aramendia, Asier Etxeberria, Mikel Paredes, Gaizka Sotil eta Xabier Azparren.
144,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek Goierriko eta inguruko errepideeetan. Abaltzisketa bi aldiz, Lierni eta Mandubi behin, eta Olaberria beste bi aldiz igo beharko dute txirrindulariek. Lau aldiz pasako dira Beasaingo tarteko helmugatik. Lehenengo txirrindulariak 13:05 aldera iritsiko dira helmugara.
Azparren txapeldun
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz-Laboral Kutxako Xabier Azparren pasa den asteburuan Euskadiko Selekzioaren elastikoarekin, 23 urtez azpikoen mailan erlojupeko Espainiako txapelketa irabazi zuen Murtzian. Espainiako txapelketarekin jarraituz, Gorka Izagirre hirugarrena izan zen erlojupekoan.