Berotik hasi dituzte Santa Ana festak ordiziarrek
HItzaro Euskara Elkarteko eta Emaneurreko kideek eman diete hasiera festei. Txupinazoaren ondoren Ordiziako emakume kirolariei aitortza egin die Udalak.
Bero itzelarekin eta Plaza Nagusia jendez gainezka hasi dituzte atzo Ordiziako Santa Ana festak. Ohiturak agintzen duen moduan, zapi urdina lepoan jantzita atera dira udaletxeko balkoira Hitzaro Euskara Elkarteko eta Emaneurreko kideak. Indar handiarekin ekin diote aurtengoari eta herritarrei hitz batzuk esan ondoren 12:00etan puntuan bota dute suziria.
Eguerdirako minutu gutxiren faltan, Belen Maizak, Hitzaro Elkarteko lehendakari berriak hartu du hitza herritarren aurrean. «Egunon Ordizia» hasi da esaten. Aurten, 25. urteurrena du Hitzarok eta urte hauetan guztietan «euskararen alde lanean aritu direnak gogoan izan» ditu eta bereziki, «euskararen transmisioan emakumeek izan duten garrantziaz» oroitu da. Bestalde, «euskararen normalizazioan egiteko asko» dagoela eta «erronka, erabileran dagoen desoreka gainditzea» dela nabarmendu du. Pregoia, «Gora Ordiziako jaiak!» oihukatuz amaitu du. Segundu gutxiren ondoren kanpaiak entzutearekin batera piztu dute lehen suziria. Hura lehertu eta Burrunbazale txarangaren doinuekin dantzan eta kantuan hasi dira bertan zeuden guztiak. Ondoren, Emaneurrek piztu du hurrengo suziria.
Emakume kirolariak
Santa Ana festak hasita, udaletxeko areto nagusian emakume kirolariei omenaldia egiteko tartea hartu dute. «Hainbeste dira Ordiziako emakume kirolarien lorpenak, zaila egiten zaigula pertsona edo kirol bakar bat hautatzea» esan du Adur Ezenarro alkateak. Hori horrela, kirol desberdinetan dabiltzan emakumeek bete dute aretoa. «Bizi garen gizartea hau aldatzen ari zarete, sarritan ziurrenik ohartu ere egin gabe baina guztiak elkarrekin bultz eginez urrats handiak emanda» jarraitu du esaten. Horregatik, «Ordiziako emakume kirolari guztiak ordezkatzen dituzue, eta guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu eta egindako lana aitortu» bukatu du esaten.
Aretoan bilduta zeuden emakume kirolarien artean Lide eta Amaia Erbina ahizpak egon dira. Bikain aritu dira errugbiko Espainiako selekzioarekin nahiz eta Olinpiar Jokoetarako txartelak eskuetatik ihes egin dien. Dena den, «indarrak ateratzeko prest eta aurrera jarraitzeko gogotsu» daude. Gainera, jaioterrira iritsi eta horrelako aitortza jasotzea «oso pozgarria eta hunkigarria» dela esan dute. Ordizian «maila gorenean konpetitzeko lana gogor egiten duen emakume asko dago eta polita da gainera, asko garela ikustea». Gogor lan egin dute eta ondo merezitako aitortza egin die Udalak.
Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoakeko nesken errelebo taldeko igerilariak ere bertan egon dira. Espainiako Txapelketan errekor berri bat ezarri dute duela egun gutxi. «Espero ez zuten zerbait» izan dela esan dute, errekor berri bat lortzea «zaila baita», horregatik, «ilusio handiarekin» daude. Denboraldia lortu daiteken nota onenarekin amaituta, udalaren aldetik jaso duten aitortzak «orain arte egindako lan guztia kontutan hartzen duela» eta keinu horrek «asko pozten» dituela adierazi dute.