Euskara eta kirola aldarri
Eguerdian hasiko dira ofizialki Ordiziako Santa Ana jaiak, udaletxeko balkoitik suziria botata. Emaneurre taldeko eta Hitzaro Euskara Elkarteko kideek irakurriko dute aurten pregoia.
Guztia prest dute Ordizian gaur Santa Ana festei hasiera ofiziala emateko. Pasa den larunbatean eta igandean haurren asteburua ospatu eta bi eguneko etenaren ondoren, ordiziarrek indarrak hartu dituzte herriko festak giro bikainean igarotzeko. Emaneurre taldeko eta Hitzaro Euskara Elkarteko kideek esango dute pregoia. Jarraian jaien hasieraren ikurra den suziria jaurti eta lau egun izango dituzte aurretik festan murgiltzeko.
Uztailaren 24a iritsi da baina aurten Santa Ana festen hasiera bitan egingo dute. Ohi bezala, 12:00etan puntuan kanpai hotsak entzutearekin batera hasiko dituzte ofizialki Ordiziako festa nagusiak. Dena den, San Jose egoitzakoak izango dira Santa Ana festetan murgiltzen lehenak. Izan ere, txupinazo ofizialaren aurretik, egoitzan bertan ere egingo dute txupinazo ekitaldia. Udal ordezkari berriek Ordiziako festak kalean disfrutatu ezingo dituzten haiek ere kontuan hartu nahi izan dituzte.
Eragileak pregoilari
Iazko pregoilari Jakintza Ikastolakoak eta Jesus Mari Larizek lekukoa pasa eta herrian ondo ezagunak diren bi elkarteetako kideak izango dira aurten jaien hasierako pregoia esateko ardura izango dutenak. Emaneurrek 10. urteurrena du aurten. Realeko zaletuen talde gisa sortu zuten herriko hainbat gaztek. Baina Realaren partidak ikustera joateko irteerak antolatzeaz gain,10 urte hauetan, herrian talde eragile bat gehiago bihurtu dira. Euskara eta kirola uztartzen dituzte eta herriko agendan beren tokia egin duten makina bat ekitaldi antolatzen dituzte urtero. Unai Arratibel Emaneurreko kideetako bat da eta pregoilari izatea «oso ondo eta harrotasunez» jaso dutela esan du. «Gauza polita da, urtero egiten ez duguna».
Hitzaro Euskara Elkartea, berriz, duela 25 urte sortu zuten. Euskararen normalizazioaren alde lanean aritu dira urte hauetan guztietan. Belen Maiza eta Maria Jesus Amundarain taldeko kideak dira, eta «oso pozik» daude jaiei hasiera emango dietelako. Pregoiaren unea «euskara aldarritzeko» izango dela adierazi dute. Gaur-gaurkoz duten «erronka handiena euskararen erabilera sustatzea da, erabiltzen ez den hizkuntza bat hil egiten delako». Euskara «gizartearen kohesiorako behar-beharrezko tresna» dela nabarmendu dute eta «inor baztertu gabe, erabilera indartzeko balioko du» gaurko ekitaldiak.
Arratibel ere bat dator Hitzaroko kideekin. Izan ere, taldearen helburu nagusietako bat «kirolaren bidez euskararen alde eragitea» baita.
Azkenik, «herriko talde eragileak batu, euskararen alde hausnarketa egin eta bakoitza bere arlotik eragitera animatu» nahi izan ditu Maizak.
Aukera zabala
Festak hasita, ekitaldi ugariz gozatzeko aukera egongo da hurrengo egunetan. Gaurkoen artean nabarmentzekoa da kuadrillen arteko 15. Bigantxa Futbol Txapelketa. Jende ugari gerturatu ohi da ikustera eta giro polita sortzen da ikuskizun horren inguruan. El Albero zezenzaleen taldeak antolatutako ekitaldia da. Idoiaga plazan kokatuta dagoen zezen plazan egingo dute, 17:30etik aurrera.
Bestalde, ohiko danborrada aterako da gauean. 21:30ean abiatuko dira Buztuntzatik eta herriko kaleak zeharkatu ondoren Plaza Nagusian egingo dute amaierako ekitaldia.
Gaurkoan, kalean izango da festa, izan ere, Artistas del Gremio taldeak musika kalejira egingo du, herriko kaleetan zehar, 00:00etan hasita.
JAIETAKO EGITARAUA:
JAIETAKO OHARRAK:
Profesionalen pilota partidak etzi, Beti Alai pilotalekuan
Profesionalen arteko eskuzko pilota partidak jokatuko dira etzi, Beti Alai pilotalekuan, 18:00etan hasita. Etxeberriak eta Garmendiak, Egiguren V.aren eta Bikuñaren aurka jokatuko dute lehenik. Ondoren, Irribarriak eta Mariezkurrenak, Altuna III.aren eta Martijaren aurka jokatuko dute.
Danborrada ikusteko gune berezia jarriko dute Plaza Nagusian
Mugikortasun arazoak dituztenentzat gune bat egokituko du udalak, danborradaren ekitaldi nagusia Plaza Nagusian ikusi ahal izateko. Gune horretan egon nahi duenak aldez aurretik eskaera egin beharko du udaletxean. Bestalde, Garagartza plazan pantaila erraldoia eta aulkiak jarriko dituzte, danborradaren zuzeneko jarraipena egiteko.
Indarkeria sexistaren aurkako karpa informatiboak
Santa Ana jaietako ondorengo egunetan karpa informatiboak egongo dira Zuhaiztian, uztailaren 25ean eta 27ean hain zuzen. Karpak 12 urtetik gorako pertsona guztiei bideratuta daude, eta indarkeria sexistari buruzko iritziak edota bizipenak jasotzeko gunea ere izango dira.