Udako argazkiek badute saria
GOIERRIKO HITZAK eta Fotoetxek Udako 14. Argazki Lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Lanak irailaren 22rako aurkeztu behar dira. Harpidedunek sari berezia izango dute
Udako oporren oroigarririk onena izan ohi dira argazkiak. Baina momentu alaiak gogoratzeko ez ezik, sariak irabazteko ere balio dute. GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek 14. aldiz antolatu dute Udako Argazki Lehiaketa elkarlanean. Lehiaketa irekia izango da nahi duten guztientzat, baina harpidedunen artean, sari bereziak banatuko dira.
Dagoeneko zabalik dago lehiaketan parte hartzeko epea, eta irailaren 22ra arte bidali ahal izango dira argazkiak. Parte hartzeko moduan dator aurtengo berrikuntza nagusia. GOIERRIKO HITZA-ren webgunean sartu eta Udako Argazki Lehiaketaren atalean sartu behar da. Bertan agertzen den formularioa bete eta argazkia zuzenean igo behar da plataformara. Lehiakide bakoitzak argazki bakarrarekin parte hartu ahal izango du. Irailaren 9tik 29ra bitartean, irakurleek beraien botoekin aukeratu ahal izango dituzte argazkirik gogokoenak.
Hamar sari guztira
Udako 14. Argazki Lehiaketan lau sari nagusi eta irakurleek aukeratutakoen artean beste 6 banatuko dira aurten. Fotoetxeko Jose Mari Telleriak eta Lake Oiarbidek eta GOIERRIKO HITZAren lan taldeak osatuko dute epaimahaia. Fotoetxek bi sari emango ditu: argazkirik onenarena eta argazkirik originalenarena. Lehenak, Kappa euskarrian inprimatutako norberaren argazki bat jasoko du, 60×100 tamainan. Bigarrenak, berriz, 50x80ko handitzea lortuko du, Kappa euskarrian.
GOIERRIKO HITZAren sariak, aldiz, harpideen artean bakarrik banatuko dira. Lehen sarituak Mutrikuko Arbe Hotelean egonaldia irabaziko du, eta bigarrenak Ezkioko Argindegi jatetxeak eskainitako menu berezia. Sariak urrian banatuko dira.
Argazki lehiaketa
Oinarriak
· Lehiaketa. Goierriko Hitzak eta Fotoetxek antolatutako Udako 14. Argazki Lehiaketa.
· Epeak. Gaurtik irailaren 22ra bitartean bidal daitezke argazkiak goierri.hitza.eus webguneko lehiaketaren atalean sartu eta formularioa beteta. Derrigorrezkoa da datu guztiak betetzea.
· Parte-hartzea. Irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Harpideek, ordea, sari berezietarako aukera izango dute. Argazki bakarra aurkez daiteke.Sariak
· Argazkirik onena. Fotoetxe dendak eskainita, 60×100 argazki handitua Kappa euskarrian.
· Argazkirik originalena. Fotoetxek eskainita, 50x80ko argazki handitua Kappa euskarrian.
· Harpideen 1. saria. Mutrikuko Arbe hotelean egun bateko egonaldia bi lagunentzat.
· Harpideen 2. saria. Ezkioko Argindegi jatetxeak eskainita, bi lagunentzako menu berezia.
· Bozketa. Internet bidez boto gehien jasotzen dituzten lehenengo 6 lehiakideentzat, argazki handitze bana (20×30), Fotoetxek eskainia.· Argazki irabazleak: Urriaren 2an argitaratuko dira Goierriko Hitzan eta goierri.hitza.eus atarian.
· Sari banaketa. Urriaren 3an, arratsaldeko 19:00etan, Fotoetxeren estudioan. Parte hartu duten argazkien erakusketa, luntx txiki bat eta taldeko argazkia. Parte hartzaile guztiak gonbidatuak izango dira.