Orekan Bizi Naiz saskibaloi taldeak monozikloa eta saskibaloia uztartuko ditu
Asteazkenetan egingo dituzte entrenamenduak Antzizar kiroldegian, 19:00etatik 20:00etara. Monozikloan ibiltzen ikasi nahi dutenek, berriz, asteartean izango dute aukera
Duela sei urte hasi zen Orekan Bizi Naiz monoziklo elkartea Beasainen eta inguruko herrietan monoziklo ikastaroak ematen. Orain, beste erronka bat du esku artean: sortutako saskibaloi taldea indartzea. Orekan Bizi Naiz elkarteko kideen esanetan, «eskualdean urte hauetan sortu diren monoziklistekin saskibaloi taldea osatu zen iaz, eta baita Bordelera joan ere, Frantziako ligako txapelketa batera».
Bide horri jarraitu nahi diote, eta horretarako, asteazkenero monozikloan saskibaloi entrenamenduak egingo dituzte Antzizar kiroldegian, 19:00etatik 20:00etara. «Ateak zabalik dituzue animatu nahi duzuenok, kontuan izanda, saskibaloian gurpil bakarraren gainean jokatzeko, gutxienez monozikloan ibiltzen jakin beharra dagoela».
Astearteetan erakutsi
Erronka hori dela eta Monoziklo Eskolak atseden hartuko badu ere, «monozikloa probatu edo ibiltzen praktikatu eta hobetu nahi duen orok izango du aukera. Asteartero Antzizar kiroldegian izango gara 19:00etatik 20:00etara saskibaloiko kideak, kirol honen inguruan edozein informazio eman edo ibiltzen ikasi nahi duen edonori laguntzeko prest». Era berean, urte hauetan guztietan monozikloan ibiltzen ikasi dutenak ere animatu nahi dituzte saskibaloi taldean parte hartzera, «pedalei emanez ondo pasatzeko».