Goierriko EAJk lan bilera egin du Beasainen azaroaren 10eko hauteskundeei begira
Goierriko ordezkariekin batera, Maribel Vaquero Senaturako hautagaia, eta Luke Uribe Etxeberria eta Iñigo Barandiaran Kongresurako hautagaiak izan dira Beasaingo batzokian.

Azaroaren 10eko Madrilgo Gorteetarako hauteskundeei begira, hauteskunde aurreko lan bilera egin zuten atzo Goierriko EAJko ordezkariek Beasainen. Goierritar jeltzaleekin batera, Maribel Vaquero Senaturako hautagaia, eta Luke Uribe Etxeberria eta Iñigo Barandiaran Kongresurako hautagaiak izan ziren batzokian.
Hauteskundeei begira “lanean gogotsu hasteko premia” azaleratu zen lan bileran, “batez ere, gizartean sentitzen den haserreari buelta” emateko. “Euskal haserrea euskal botora zuzendu behar dugu”, adierazi zuen Maribel Vaquero Senaturako hautagaiak: “Hauteskundeak ditugu berriro, baina hauek ez dira besteak bezalakoak. Hauteskunde hauen ezaugarri nagusiak bi dira: porrot baten ondorioa direla, gobernua sortzeko ardura zutenek hori egiteko gai izan ez direlako, eta horrek jendearen haserrea eragin duela”, azpimarratu zuen Vaquerok.
Honela, “jendearen egonezin” horri aurre egiteko “euskaldunek duten politika egiteko modu ezberdina” azpimarratu zuen senaturako hautetsi jeltzaleak: “Norbait haserre badago, euskal haserrea euskal botora zuzendu dezala. Guk politika egiteko modu ezberdina dugu eta horregatik gara ezberdinak. Edo ezberdinak garelako politika egiteko modu ezberdina dugu”.