Jendaurreko margo sariketa egingo dute etzi Beasainen
Igartzako jauregiko erakusketa aretoan zigilatuko dituzte lanak; eta bukatutakoan ere, bertara eraman beharko dituzte. 2.200 euro banatuko dituzte sarietan
Igandean ez ohiko irudiak ikusi ahal izango dira Beasainen, margolariak ariko baitira Beasaingo txoko desberdinak margotzen. Udazken Kulturalaren barruan Arrano kultur elkarteak udalaren babesean antolatzen duen 38. Beasaingo Jendaurreko Margo Sariketa jokatuko da.
Usurbe Antzokian birmoldatzeko lanak egiten ari direla eta, Igartzako jauregiko erakusketa aretoan zigilatuko dituzte euskarriak, 09:30etik 10:30era bitartean. Antolatzaileen esanetan, «euskarriak lanerako aurretik prestaturik eraman daitezke, baina tonu bakarrean; ez da onartzen marrazki, zirrimarra edo marra aztarnarik edukitzea». Teknika eta formatuari dagokionean, «lanaren alde luzeenak ezin izango du metro bat baino gehiago neurtu. Librea izango da pinturaren oinarri erabili daitekeen materiala. Lana euskarri gogor batean aurkeztuko da. Euskarri bat baino gehiago zigilatzea onartuko da, baina aurkezpenean bakarra onartuko da».
Margolariek 14:30era arteko epea izango dute Beasaingo txokoak margotzeko. Kasu horretan ere, Igartzako jauregiko erakusketa aretora eraman beharko dituzte lanak, 13:30a eta 14:30a artean. Ondoren, «nahi dutenentzat», bazkaria izango da Arrano Elkartean. «Sariketan parte hartu ez eta bazkaldu nahi duenak, bazkaria ordaindu egin beharko du».
2.200 euro saritan
Epaimahaiaren erabakia 18:30ean jakinaraziko da Igartzako jauregian egingo den sari banaketa ekitaldian. Guztira 2.200 euro banatuko dituzte, zortzi sari desberdinetan: irabazleak 700 euro, bigarrenak 400 euro, hirugarrenak 300 euro, 18 urtetik beherako gazteek 100 euro eta akzesita 150 euro. Herriko margolarien artean ere hiru sari banatuko dituzte: herrikoaren lehenengo saria 400 euro, bigarrena 150 euro eta 18 urtetik beherakoentzat 80 euro.
Erakusketa
Aurkeztutako lanekin erakusketa egingo dute Igartzako erakusketa aretoan bertan, urriaren 27ra bitartean. «Egindako lana saldu nahi dutenek, prezioak finkatu beharko dituzte, aurkezten diren unean. Helduen eta herriko lehen sariak udalaren esku geratuko dira.