Beasaingo Udalak hitzarmena sinatu du Lazkaoko Beneditarren Fundazioarekin
Beasaindarrek Beneditarren artxiboko ondarea ezagutzeko aukera izango dute, propio antolatutako bisita gidatuen bidez. Herritarrentzako bisitak otsailean hasiko dira.
Beasaindarrek gertuago izango dute Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren euskal historia garaikideari buruzko ondasun multzoa, Beasaingo Udalarekin sinatu duen bi urteko hitzarmenari esker. Honela, Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, dokumentazio gunearen ateak beasaindarrei ireki eta eurentzat “propio” antolatutako bisita gidatuak egiteko aukera izango dute: «Eskualdean zer nolako ondare dokumentala gordetzen den ezagutzea, horren balioaz jabetzea, eta zerbait propio gisa sentitzea da helburua».
Euskal Herriko historia politikoa eta kulturalarekin zerikusia duen materiala biltzen, katalogatzen eta gordetzen dute Lazkaoko Beneditarren Fundazioan, 1973tik, Juan Joxe Agirre beneditarraren lanari esker. Erakundeen eta norbanakoen artxiboak jasotzen dituzte. Besteak beste, 70.000 kartel baino gehiago, 8.000 aldizkari titulu baino gehiago, 100dik gora bilduma dokumental, 50 artxibo… jaso dituzte. Miren Barandiaran dokumentazio zentroko arduradunaren esanetan, «arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari».
Bisita gidatuak
Lazkaoko Beneditarren artxiboan dagoen bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute beasaindarrek. Bi motako bisita gidatuak antolatuko dituzte. Batetik, Beasaingo DBH eta Batxilergoko ikastetxeentzat eta herriko elkarte eta eragileentzat antolatutakoak. Parte hartzeko Beneditarren Fundazioarekin jarri behar da harremanetan: 943 88 87 81 – lbf@lbf.eus.
Eta bestetik, herritar ororentzat antolatutakoak: urtean bitan egingo dira, ostiral arratsalde eta larunbat goizetan. Lehenengo bisitak otsailean izango dira.