«Tristea izan da prozesiorik ez egitea, baina tristeagoa da gaixotzea»
Aste Santuko prozesiorik ez da izan aurten Seguran, baina Segurako prozesioaren martxaren doinuak Sorozabalen Gernika entzun ziren prozesioa hasteko momentuan, bi egunetan. Laureano Telleriak (Segura, 1935) ia 40 urte daramatza prozesioaren antolakuntza taldean, eta urteroko hitzordu hori ezin egiteak sortu dion sentipenei buruz hitz egin zuen Ostiral Santu egunez egindako elkarrizketan, martxaren doinuak etxetik entzun eta ordu erdira. «Ilusioa egin dit, hor ikusten da jendeak sentitu egiten duela».
Karlista gerran prozesioa egin zen, baita 36ko gerran ere, eta koronabirusa izan da mendetako ohitura hori eten duena. «Momentu honetan kalea dena beteta egon zen. Ba al dakizu zer aldaketa den inor ez ikustea? Sentimendu tristea da bai, baina tristeagoa da beste hori, gaixotzea. Zer esango duzu ba! Penagarria da, baina pena handiagoa emango lidake prozesiorik ez egitea jendea elkartu ez delako eta borondaterik ez dagoelako».
Gero ere, errutinarekin segi
Konfinamendua «ondo» daramala dio, «herrajerik gabe, baina preso». Egunerokoan «betiko ohiturei» jarraitzen die, eta etxean dituen «milaka paper» ordenatzen pasatzen du denbora. Seme-alaba eta bilobekin egotea ematen du faltan gehienbat, eta baita eguneroko buelta egitea ere. «Txikiteoa ere egiten genuen, eta hutsune dezentea bilatzen dut hor». Konfinamendua bukatzean ez du ezer berezirik egingo, errutinarekin segiko du.













