Aurtengo aurrekontua, 1.841.902 eurokoa Urola Garaiko Mankomunitatean
Astelehenean egindako batzarrean onartu dituzte 2021erako diru kontuak. Lau udalen ekarpena 805.781 eurokoa da. Enpleguaren aldeko apustu sendoa egin dute, 490.338 euroko partidarekin.
Urola Garaiko Mankomunitateak 1.841.902 euroko aurrekontu bateratua onartu du 2021erako, astelehenean egindako batzarrean. Horren barruan Uggasaren aurrekontua ere sartzen da, eta garapen agentziarentzako 892.763 euro izango dira.
Batzarrean Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Ezkio-Itsasoko udaletako 45 alkatek eta zinegotzik parte hartu zuten. 2021erako kontuak aldeko 34 botorekin eta 11 abstentziorekin onartu ziren. Bilera telematikoa izan zen,eta Mankomunitateko lehendakari den Koldobike Olabide Legazpiko alkateak gidatu zuen.
Udalen ekarpenak
Hasteko, Mankomunitatearen egoera ekonomikoaren berri eman zuen Olabidek: Ekitaldia 67.309 euroko superabitarekin, zorrik gabe eta ordainketak bost egunetara egiteak dakarren likidezia onarekin hasi da. Iaz, 2019ko aurrekontuak luzatuta jardun zutela ere gogoratu zuen.
Ondoren, diru sarreren atala aletu zuen, eta udalen ekarpenen berri zehatza eman zuen: Ezkio-Itsasok 19.025 euro jarriko ditu, Urretxuk 214,698 euro, Legazpik 263.418 euro eta Zumarragak 309.638 euro. Udalen ekarpena 895.781 eurokoa da guztira, baina kopuru horri beste 198.000 euro gehitu behar zaizkio, eguneko zentroetako anbulantzia zerbitzurako.
Gastuen zerrenda
Gastuen atala, bestalde, hiru ataletan banatu zuen Olabidek: ondasunak eta zerbitzuak, 815.476 eurorekin; langileria 657.990 eurorekin; eta transferentziak, 382.981 eurorekin. Bestalde, enpleguaren aldeko apustua nabarmendu zuen, atal horretarako 490.338 euroko partida izendatu dela azalduz. Horri, enpresa garapenaren kontzeptupean Uggasari gai hori lantzeko emandako 272.949 euroak gehitu behar zaizkio.
Berdintasuna, Urola Garaiko Lanbide Eskola, kontsumoa, turismoa, euskara, jasangarritasuna eta gizarte laguntza dira gastuen atalean jasotako beste partida nagusiak.