Herriko merkataritza eta zerbitzuak laguntzeko 3-K kanpaina itzuli da
Legazpiko Udalak 40.000 euro jarri ditu laguntza programaren bigarren ekitaldirako. Gastatutako 20 euroko, 5 euroko deskontua izango dute erosleek. 8.000 bonu kaleratuko dituzte
Legazpiko Udaleko Osoko Bilkurak 3-K Bonuak berriz martxan jartzea onartu zuen pasa den uztailaren 28an, eta aste honen hasieran eman ditu programa horri buruzko xehetasunak Erik Galvez zinegotziak. Konpromisoa, Konfiantza eta Kontsumoa hitzen inguruan landutako 3-K programak 40.000 euroko laguntzak aurreikusten ditu, herriko merkatariei eta mikroenpresei zuzendutakoak, pandemiak eragindako krisi ekono- mikoari aurre egin diezaioten.
Laguntza programa horri dagokion deialdia joan den astean argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta ordutik, parte hartu nahi duten saltokiek eta mikroenpresek udaletxean eman dezakete izena. Hilaren 17a da horretarako azken eguna. Programan izena eman eta gero, udaleko teknikariak WhatsApp bidez konformatuko die parte hartzea.
40.000 euro eta 8.000 bonu
Legazpiko Udalak 8.000 bonu kaleratuko ditu orain, eta hala eskatzen duten merkatarien artean eta hamar enplegatu arte dituzten enpresetan banatuko ditu. Horietan gastatzen den 20 euroko, 5 euroko beherapena izango du erosleak. Zenbateko hori udalak ordainduko dio establezimenduari.
Bost euroko deskontua jasotzeko, bezeroak NAN zenbakia eman beharko dio bakarrik dendariari. Faktura bakoitzeko gehienez 10 bonu aplikatu ahal izango dira, hau da, 50 euroko deskontua izango du gehienez. Kanpaina irailaren 27tik abenduaren 31ra artekoa da.
Herrian bertan erosketak egitea eta ekonomia sustatzea da laguntza programa horren helburua, eta merkatariak eta enpresa txikiak ez ezik, bezeroak ere laguntzen ditu, merkeago erosteko aukera dutelako.
Iaz, 75.840 euro
Iaz jarri zuen martxan lehen aldiz Legazpiko Udalak 3-K Bonuen programa, eta balorazioa ona izan da; merkatarien aldetik 7,7ko nota jaso zuen. Lehen kanpainan 68 jarduerek parte hartu zuten, eta 7.584 bonu erabili ziren. Programaren eraginez, 602.0665 euroko erosketak egin ziren Legazpin.
Bigarren ekitaldi horri begira, udalak animatu egin nahi ditu parte hartzera dendak, mikroenpresak eta legazpiarrak.













