Kultura, jaien ordez
Agorreko Santikutzak ospatuko lirateke asteburuan, pandemia izan ezean. Jaiak gogoratzeko, kultur agenda indartu du udalak. Bertsoak, musika, dantza eta haurrentzako ikuskizunak daude
Agorreko Santikutzik gabeko bigarren urtea da aurtengoa. Egutegiari begiratuta, asteburu honetan ospatu behar ziren jai horiek, baina COVID-19ak oraindik horretarako aukerarik ematen ez duenez, udalak bertan behera utzi ditu eta datozen egunetarako kultur agenda indartzea erabaki du, maiatzeko Santikutzetan egin zuen bezala. Oraingoan ere, kaleko ekitaldiak dira nagusi, eta musikak eta herriko musikariek leku berezia izango dute.
Festarik ez da izango, baina kultur hitzordu horiek Agorreko festetan izan ohi direnak ekartzen dituzte gogora. Izan ere, antolaketa lanetan betiko elkarteak daude. Hala, Bertso Olariak elkarteak gaurko bertso saioa antolatu du, eta Korosti dantza taldeak ez dio huts egin urteroko folklore saioari. Legazpi Musika Banda eta Goiz Deia Txistulari banda ere Agorreko Santikutzetako ezinbesteko osagaiak dira, eta aipamen berezia merezi du Alaitasuna Errondaillak, aspaldiko partez elkartuko delako emanaldi bat egiteko.
Sarrerak eta segurtasuna
Kaleko ekitaldiak izango dira, baina segurtasuna bermatuta. Hala, eremu mugatuetan egingo direnetan, ikusleak eserita egongo dira, eta horietarako sarrerak eskatu beharko dira kultur etxean. Ekitaldi ibiltarietan pertsonen arteko segurtasun distantzia gordetzea eta musukoa jarrita izatea derrigorrezkoa izango da.













