«Idiazabal gazta maila gorenetik oso gertu dago»
Euskal Herriko Gazta Txapelketa irabazi berritan, gustura agertu da Joseba Insausti artzaina. Idiazabal gaztaren maila goratu du, eta horrelako txapelketetan, denak oso parean ibiltzen direla dio. "Kasu honetan epaimahaiari gure gazta iruditu zaio onena, baina bigarrena gurea bezain ona zen, hirugarrena ere bai... Txapela edozeinek eraman zezakeen".
Euskal Herriko saria bakarrik falta zitzaizun.
Bai, hau atera gabe nengoen, bigarrena eta hirugarrena banituen, baina aurrenekoa falta zen eta igandean erori zen.
Nola hartzen da horrelako sari bat? Zer da zuretzat?
Gustura! Normalean horrelako sariak lanbideko gauzak dira, gu artzaintzatik bizi gara, gazta egiteaz… baina nik sari pertsonaltzat hartzen dut gehiago, nik egindako zerbaiti horrelako balioa ematea, eta gustatzea… poza hartzen da. Nik, egia esan, sarietan ez dut gehiegi sinisten, nire aita [Joxe] arduratzen da gehiago eta bera ibiltzen da saltsa horretan. Izan ere, dastatzaile bezala ere ibilia naiz, eta horrela konturatzen zara irabazten duenak oso gutxigatik irabazten duela. Kasu honetan epaimahaiari gure gazta iruditu zaio onena, baina bigarrena gurea bezain ona zen, hirugarrena ere bai… Txapela edozeinek eraman zezakeen.
Hala ere, zure gaztak badu zerbait horrela irabazteko.
Nireak, eta hor gabiltzan guztienak. Gaur egun Idiazabal gazta asko hobetu da, estandarizatu edo egin da, eta nire ustez maila gorenaren mugatik gertu dago.
Gauzak ondo egiten ari zaren seinale bada behintzat.
Bai, nire kasuan ez da izan lanbide baten hautaketa bat bakarrik, gustatzen zaidan bizimodu baten hautaketa bat ere izan da, eta saiatzen naiz gauzak ahalik eta ondoen egiten. nahiz eta beti ez diren ondo ateratzen, gauza biziekin egiten dugulako lan, eguraldiaren menpe gaudelako…
Ez zinen damutuko, ezta?
Ez, baina egia da urtetik urtera gu asko estutzen ari direla, eta geroz eta gehiago kostatzen zaigula lan egitea. Araudi asko bete behar ditugu, animalien ingurukoak, ingurumenekoak, elikagaien eraldaketakoak, komertzializaziokoak, fiskalak… Alderdi horretatik nekea sentitzen dut, baina lanbidea gustatzen zait oraindik.
Negua dator orain.
Bai. Artaldea mendian dago, eta gora eta behera ibiltzen naiz egunero. Hilaren bukaeran jaitsiko ditugu ardiak, eta orain baserriko lurrak eta ikuiluak prestatzen ari gara, negua igarotzeko.