Bakardadeen gaia landuko dute Legazpiko Gizarte Foroaren ekinaldi berrian
Astelehenean hasita, hiru saio egingo dituzte otsailaren erdira arte. Herritarrei, giza eragileei eta udal teknikariei eta zinegotziei zuzenduta daude. Lehen hitzordua, Yanguas gerontologoarekin
Bakardadeari buruz hausnartzeko deia egin die Legazpiko Gizarte Foroak herritarrei, giza eragileei eta udal teknikariei eta zinegotziei. Hurrengo astean abiatuko da foroaren bigarren edizioa, eta otsailaren erdira bitartean, gai hori lantzeko hiru saio proposatzen ditu. Atzo aurkeztu zuten udaletxean Gizarte Foroaren ekinaldi berri hau Maite Lonbide gizarte gaietarako zinegotziak eta Nerea Arregi gizarte langileak.
Administrazio publikoak bakardadearen inguruan duen konpromisoa aipatu zuen Lonbidek aurkezpenean, eta «Legazpiko Udalak gai hori aztertzeko interes handia» duela nabarmendu zuen. Foroan, Legazpin bakardadeari aurre egiteko martxan dauden ekintzak osatuko dituzten proposamen berriak sortuko direlakoan dago.
Hiru saio
Gizarte Foro berria astelehenean abiatuko da, azaroaren 29an, eta hiru saio izango ditu. Bilera guztiak Kultur Etxean egingo dira, 17:30etik 19:00etara. Arregik eman zuen hiru saioen berri.
Javier Yanguas gerontologoak irekiko du foroa. Bakardadearen kontzeptua zer den definituko du lehen saio honetan, hitzaldi eta eztabaida baten bitartez.
Bigarren saioa urtarrilaren 17an izango da, eta bertan bakardadeei aurre egiteko hainbat ekimen aurkeztuko ditu SSI Gizarte Zerbitzu Integratuen kooperatibako Karmele Acedok. Bakardadearen gaia lantzea eta erronka horri erantzutea izango da bigarren bilera honen helburua.
Azken saioa otsailaren 14rako dago aurreikusta, Legazpiko ekimenen hausnarketarekin.
Gazteak, alkohola eta droga
Legazpiko Gizarte Foroa 2018ko ekainean bildu zen lehen aldiz, Legazpiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen 2018-2022 Plan Estrategikoa ezagutzera emateko helburuz eta, bide batez, horren baitan jasotako ekintzen artean lehentasunak ezartzeko. Lehen bilera hartan gazteen artean dagoen alkoholaren eta drogaren kontsumoari heltzea erabaki zuten, eta gai hori landu zuten foroaren lehen edizioan, bi saiotan banatuta.
Pandemiak ezarritako geldialdiaren ondoren, Gizarte Foroa berriz jarriko da martxan, oraingoan bakardade mota desberdinei buruz hausnartzeko. «Azkenaldi honetan bereziki kezkatzen gaituen gaia da».













