Katuentzako familia bila
Adopzioan entregatzeko prest dauden hiru kateme eta bi katar gazte ditu Lau Katu elkarteak. Udalarekin duen elkarlanerako hitzarmenari esker, herriko katu koloniak kontrolatzen ari da
Legazpiko Lau Katu elkartea hiru kateme eta bi katar jasotzeko prest dauden familien bila dabil. Une honetan animalia horiek harrera etxeetan daude, baina behin betirako jaso eta adoptatuko dituzten etxeak behar dituzte.
Adopzioan dauden katu zaharrenak katar ilehoria eta carey katemea dira, eta sei hilabete dituztenez premia handiagoa dute etxe bat aurkitzeko. Besteak grisak dira, bi kateme eta katar bat, abandonatutako kateme batenak hirurak, eta ia hiru hilabete dituztenez, dagoeneko bakarrik jaten hasita daude.
Lau Katu elkarteak kontratu bidez entregatuko ditu animaliak, sozializatuta, parasitoak kenduta eta esterilizatuta. Etxean horietako bat edo gehiago jaso edo adoptatu nahi duenak mezu elektroniko bat bidali behar du helbide honetara: laukatuelkartea@gmail.com.
Udalarekin hitzarmena
Legazpiko Udalak lankidetza hitzarmena du sinatuta Lau Katu elkartearekin, herriko katu kolonietako populazioa kontrolatzen lagundu diezaion. CER metodoa erabiltzen dute horretarako, hau da, ‘harrapatu, esteri- lizatu eta itzuli’ metodoa. Lankidetza hitzarmen horren ondorioz, udalak 50 animalia artatu ditu 2021ean zehar, 27 katar eta 23 kateme. Horietatik 10 adopzioan eman dituzte. Bestalde, 31 albaitariengana eraman dituzte, eta parasitoak kendu eta esterilizatu ondoren, kolonietara itzuli dituzte. Beste zazpi hil egin dira eta bi animaliak babesteko elkartera eraman dituzte.
Lau Katu eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanaren emaitza da hori, eta arlo horretako zinegotziak «lan handia» egin dela nabarmendu du. «Esku-hartze hau positiboa da Legazpin bizi garen pertsona eta animalientzat», esan du, eta jardun den auzo guztietan emaitzak agerian daudela gehitu du. Horregatik, Lau Katu elkartearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi du.
Lau Katu elkartearen lana
«Lau Katu elkarte horretako boluntarioek lan bikaina egiten dute. CER metodoa ezartzeak katuen kolonien populazioa kontrolatzea errazten du». Baina lan hori esterilizazioetatik harago doala gehitu du, «kolonietarako jarduketa plan orokor bat moldatzen baitu».
Planak dituen helburuak ere zerrendatu ditu. Horien artean daude katuak pentsu lehorraren bidez elikatzea, kolonien osasun kontrola egitea albaitaritza zerbitzua emanez, koloniek auzo komunitateei eragiten dizkieten eragozpenak minimizatzea, eta abandonatutako katuak eta katakumeak hartzeko plan bat bultzatzea.
Azken plan horren barruan, adopzio arduratsua bultzatzeko aldizkako kanpainak egitea jasotzen da, «herritarrak animalien ongizateaz kontzientziatzen lagunduko dutenak».