Telleriarte auzoa irudiz irudi
Telleriarteko Nekazarien Anaidia elkarteak bete dituen 50 urteen aitzakian, auzoaren historiari errepasoa egiten dioten 200dik gora argazki bildu ditu Sebastian Santestebanek. Kultur Etxean jarri ditu orain ikusgai.
Sebastian Santesteban Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Argazkia: Tere Madinabeitia Legazpiko Kultur Etxean egun hauetan ikusgai dagoen erakusketak Telleriarte du ardatz. Hamarkadaka antolatutako 200dik gora argazkiek auzoaren azken 100 urteen historia ezagutzeko aukera ematen dute.
Sebastian Santestebanek osatutako bilduma da, Nekazarien Anaidia elkarteak udaberrian bete zituen 50 urteen ospakizunei egindako ekarpena. Erakusketa elkartean bertan egon zen ikusgai maiatza eta ekaina bitartean, eta orduan ikusi gabe geratu zirenei eskainita, Kultur Etxera eraman du. Abenduaren 2ra arte egongo da ikusgai.
Elkartearen urteurrena
Nekazarien Anaidia auzotarren eta herri osoko baserritarren bilgune izateko helburuarekin sortu zen 1972. urtean, baina handik gutxira beste eginkizun bat ere gehitu zitzaion, txirrindulari lasterketak antolatzea, hain zuzen. Bertan sortu zen gutxira Telleriarteko Txirrindulari Elkartea, eta Santesteban urteetan izan zen haren zuzendaritza taldekoa. Hori dela eta, erakusketan toki nabarmena dute txirrindularitzari lotutako irudiak, batez ere 1970eko hamarkadatik aurrerakoak, «baina ez dira bakarrak».
Santestebanek azaldu duenez, «Urbira egindako irteerak, Kilometroak festaren ibilbidea, eskolakoak, Gabon eskeak, lagun kuadrillak, jaietan jartzen zen tonbola, baserriak, talogileak, Nekazarien Anaidian egiten ziren otorduak eta mus txapelketak, urteurren festak…», denetik ikus daiteke erakusketa honetan. Tokia utzi die, baita ere, 50 urteak ospatzeko maiatzaren 15ean elkartean egindako bazkariko eta omenaldiko argazkiei.
Argazki gehienak bereak dira, beste batzuk, utzitakoak. 250 irudi dira guztira. «Nire ilusioa zen elkartearen urteurrenerako argazki erakusketa bat egitea, eta aurretik hasita nengoen irudiak biltzen. Gehienak nireak dira, baina arreba Maribiri ere eskatu dizkiot batzuk».
Lan mardula izan dela aitortu du, baina pozik dago emaitzarekin, jende asko igaro zelako Nekazarien Anaiditik, eta orain ere jende asko espero du Kultur Etxean.
Ospakizun gehiago
Bitan ikusgai jarri duten argazki erakusketa hau ez da Nekazarien Anaidiren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi bakarra. San Isidro egunean, maiatzaren 15ean, bazkaria egin zuten gonbidatuen artean txirrindulari ohi asko zeudela. Etxekoei bakarrik zuzenduta, atun eta sardina janak ere egin dituzte uda partean, Errioxara txangoa ere bai gero eta azken asteotan, San Martin ospatzeko bazkaria. Ospakizunak ixteko, abenduaren 17an babarrun eta paella jana ere egingo dute, Jaime Antzizar bazkideak prestatuta.
Gaurko elkarteak ez du zerikusirik duela 50 urtekoarekin, eta horren lekuko da Santesteban bera. Sortzaileetako bat izan zen, eta oraindik bazkide izaten jarraitzen du, beste 40 gizonekin eta emakumeekin batera.
«Ni garai haietan Telleriarten bizi nintzen, eta oso ondo gogoratzen dut nola sortu genuen elkartea. 1971ean auzoko bi tabernak, Estankoa eta Uztergilenea itxi egin zituzten bata bestearen atzetik, sei hilabetetan. Auzotarrak kalean geratu ginen, baina ‘Bergara’-k bere lokala eskaini zigun, eta baietz esanda, lanean hasi ginen berehala, herri osoko baserritarrei ere bazkide egiteko gonbidapena eginda». Horregatik da Telleriarte Legazpiko nekazarien anaidia 1972etik.













