Musikaz beteriko asteburua utzi dute atzean Santikutz jaiek Legazpin
Gaur txirrindulari Klasikoaren eta haur danborradaren eguna da. Bihar ganadu feria egingo da, eta asteazkenean, Ezpata dantza ekitaldia. Jaiek jarraipena izango dute hurrengo asteburuan.
Ostiral arratsaldean hasita, giro bikainarekin eta eguraldiak lagunduta ari dira ospatzen Santikutz jaiak Legazpin. Asteburuan makina bat ekitaldi izan dira, eta jaien lehen txanda asteazkeneko egun handiarekin amaitu aurretik, bada zertaz gozatu datozen orduetan, baita hurrengo asteburuan ere.
Musika izan da lehen festa asteburu bete honetako protagonistetako bat, eta herriko taldeek leku nabarmena izan dute jai egitarauan. Doinua Musika eskolako banda txikiak eta gazte bandak emanaldi bana eskaini zuten larunbatean, Alaitasuna errondailak kontzertu ibiltaria egin zuen atzo eguerdian, eta arratsaldean Legazpi Musika Bandaren eta Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegi eta Hurbil Artolaren txanda izan zen. Gauez ere izan da musika, eta plazan Neomak eta Xiberoots taldeek jo dute, eta Rockalean taldeak erdiguneko kaleak hartu zituen atzo gauean. Txosnan ere izan dira makina bat talde.
Kirola eta askoz ere gehiago
Baina musikaz gain, izan dira ekitaldi gehiago ere, eta nabarmenen artean, larunbateko kuadrillen bazkaria eta herri mailako binakako pilota txapelketaren finala aipatu behar dira. Gaztez bete zen azoka bazkariaren aitzakiarekin, baita ondoren Urbeltz pilotalekua ere finala ikusteko. Aitor Agreda-Markel Arrizabalaga eta Ander Perez-Koldo Arana ziren lehian, eta azken bikoak irabazi zituen txapelak azkenik, 22-15 emaitzarekin.
Igande goizean, bestalde, xake jokalariz bete zen Azoka, Santikutz Xake elkarteak antolatutako suitzar erako txapelketarekin.
Eta gaur, txirrindularien eguna da. Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatuta, afizionatu mailako Santikutz Klasikoa ari da jokatzen 09:00etan hasita, eta txirrindulariak 13:30ean helmugaratzea espero da. Bola txapelketa ere jokoan da Danantzako bolatokian.
Arratsaldean haur eta gazteen danborrada aterako da 18:00etan Laubidetik, plazara 18:45ean iristeko, eta Queen musika taldea gogoratzeko ikuskizuna izango da plazan 20:30etan. Gauean Deabru Beltzak taldeak Su danborrak aterako ditu kalera.
Bihar, berriz, ganadu feria egingo da, eta asteazkenean, Ezpata dantza ekitaldia eta Olaria sariaren banaketa. Jaiek jarraipena izango dute hurrengo asteburuan, eta igandean amaituko dira Mirandaola egunarekin.