Mirandaola egunarekin amaituko dira Legazpiko Santikutzak
Bihar marrazki lehiaketa eta Kapela Dantza egingo dituzte. Igandean Mirandaolan egongo da festa, eta erraldoien kalejirak emango die amaiera aurtengo santikutzei.
Legazpiko Santikutz jaiak amaitzear dira. Lehen txanpa luzea asteazkenean bukatu zen, eta bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, bihar eta etzi ere izango da festa giroa herrian. Oraindik marrazki lehiaketa, Kapela Dantza eta Mirandaola eguna geratzen dira.
Marrazki lehiaketa
Arkatza elkarteak antolatutako marrazki lehiaketak irekiko du asteburuko festa egitaraua bihar. LH-ko ikasleei zuzenduta dago, eta 10:00etan hasiko da Kultur Etxean.
Hurrengo asteartean, hilak 11, sariak banatuko dituzte, Kultur Etxean, 19:00etan, eta hurrengo egunetik hilaren 19ra arte, ikusgai egongo dira lanak.
Kapela Dantza
Bihar, Kapela Dantza ere egingo da, 12:00etan plazan hasita. Sustraiak taldeak antolatuta dago, eta Santikutz egunean egiten den soka-dantzaren bertsio herrikoia da. Partaideek lastozko kapela eramango dute jantzita.
Plazako saioa amaituta, dantzariek erdiguneko kaleetan jarraituko dute dantzan eta festa giroan.
Mirandaola eguna
Igandean Mirandaola eguna ospatuko da. Prozesioa 10:15ean abiatuko da parrokiatik, eta Mirandaolara iritsitakoan, meza egingo dute lehenik eta ezpata-dantza egingo dute ondoren, olagizonen omenez, Sustraiak eta Korostiko dantzariek. Amaieran, martxan jarriko dute burdinola, eta dohainik ikusteko aukera izango da.
Erromeria hasiko da gero parkeko frontoian, Telleriarteko Talogileen postuaren ondoan. Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetako bertsolariek, Sustraiak eta Korosti dantza taldeetako dantzari txikiek, Doinua musika eskolako trikitilariek eta dultzaineroek eta Goiz Deia bandako txistulariek parte hartuko dute. Amaieran herri bazkaria izango da, eta bazkalondoan, haurren jolasak eta Elustondo trikitilarien saioa.
Trapalata txarangarekin itzuliko da herrira 18:00etan. Kalean, erraldoiak izango dituzte zain, eta haiekin egingo den kalejirak emango die amaiera Santikutzei.