Idiazabal Goierriko bertsolarien bilgune izango da berriz, ostiralean
Goierriko sei bertsolari arituko dira Guraso elkartean, Izalgo bertso taldeak antolatutako saioan. Urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da bertso taldearentzat.
Beste urte batez, Idiazabal Goierriko bertsolarien plaza bihurtuko da berriz. Gabon garaian ohitura denez, Goierriko bertsolarien saioa antolatu du Izalgo bertso taldeak. Ostiralean egingo dute saioa, Guraso elkartean, 18:30ean hasita. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da, baina gerturatzen diren zaletuen borondatea jasotzeko kutxa jarriko dute bertan.
Aratz Igartzabal (Gabiria), Eneko Ariztegi (Segura), Oihana Iguaran (Amasa-Idiazabal), Maddi Aiestaran (Beasain), Aitor Sarriegi (Beasain) eta Iban Urdangarin (Ataun) bertsolariak dira aurtengo gonbidatuak. Izalgo bertso taldeko Ihintza Imazek esan duenez, «Gabonetako saio honetarako bertsolari finko batzuk izaten ditugu beti, baina urtero saiatzen gara bertsolari gazte berriei lekua egiten». Nerea Garcia idiazabaldarra arituko da gai jartzaile lanetan.
Seriotik umorera
Ordu eta erdi inguruko saioa aurreikusi dute, «seriotik hasi eta umoreko gaietara jo ohi dugu, saio umoretsu bat antolatzea izaten da helburua», dio Imazek. Herritarrek «saio maitea» duten ekitaldia da eta urtero «70 bat ikusle» biltzen ditu. Azken urteetan ikusle kopuruak behera gin duen arren, urterik oparoenetan «90 bertsozale» inguru biltzera ere iritsi izan da.