Txost! taldeak kontzertua egingo du larunbatean Brinkolan
Arriurdin auzo elkarteak gonbidatuta joko du, Saloian. Taldekide gehienak Urretxukoak eta Zumarragakoak dira, baina Brinkolako eskoletan entseatzen dute.
Arriurdin auzo elkarteak gonbidatuta, kontzertua egingo du Txost! taldeak larunbatean, 19:00etan, Brinkolako Saloian. Taldekide gehienak Urretxukoak eta Zumarragoak dituen boskoteak lehen aldiz joko du auzoan.
Emanaldi «berezia» izango da, Txost! taldeak harreman estua duelako Brinkolarekin. Bertako eskoletan entseatzen dute, taldekide bat auzoan bizi da, eta Euri-ura diskoa Brinkolako Errementari baserrian grabatu zuten.
«Pop rock urduria»
2016an sortutako Txost! bost musikarik osatzen dute: Mikel Arriaran ‘Tunixi’, bateria eta tronpeta jotzailea eta ahotsa da; Aritz Ormazabal ‘Orma’, baxu jotzailea eta ahotsa; Iosu Isaias Villanueva ‘Isuo’, gitarra jotzailea eta ahotsa; Jon Murua ‘Kezman’, tronpeta jotzailea eta ahotsa; eta taldera azkena iritsi den Paxkal Irigoien ‘Fifita’, saxofoi, teklatu eta perkusio txikiaren jotzailea eta ahotsa da. Urretxu-Zumarragakoak dira denak, Irigoein kenduta. «Iparralden bizi da, Donibane Garazi inguruan» dio Tunixik, «saltsa askotan dabil, eta etortzen denean oso pozik jartzen gara, kristoren ekarpena egiten diolako taldeari».
Musika talde honek bi disko ditu grabatuta, 2018an Erreferak esperantza kaleratu zuen, eta Euri-ura 2022an. Azken hau Brinkolako Errementarin grabatu zuten, eta grabazioa bukatu eta gero, «hilabete ete erdiz jarraian egin zuen euria». Entseguak ere Brinkolan egiten dituzte, auzo horrek Telleriarterekin konpartitzen dituen eskoletan. Leku horretara batukada taldearen bitartez iritsi ziren, Tunixik ere han jotzen zuelako eta haien ondoan entseatzen zuen samba taldeak lekua libre utzi behar zuela jakin zuelako.
Taldeak ondo pasatzea du guztiaren gainetik, «dena festa da», baina musika ere egiten dute, «libreki barrutik ateratzen dena, zentsurarik gabe, estilo batean kokatu gabe, estilo bat bilatu gabe, eta ateratzen den emaitzari gehiagi begiratu gabe». Hala ere, «Txost-rock» egiten dutela diote batzutan, beste batean «pop urduria»… beraz, egiten duten musika «izan daiteke pop rock urduria». Gainera, ez da oso zaratatsua, baina bai «jostaria».
Zutik eta eserita entzuteko
Horrelako musika entzungo dute Brinkolan, «azken kontzertuetan jo duguna, lehenengo eta bigarren diskoko abestien hautaketa bat». Zutik eta eserita entzuteko musika eskainiko dute, «dantza egiteko pasarte dexente egongo dira, baina belarria ipini eta entzutea bakarrik gustatzen zaienentzat ere egongo da».
Instrumentu guztiak joko dituzte, eta kontzertuak formatu «normala» izango du, baina «a capela» ere abestuko dute. Adin guztietarako aproposa izango da, baita haurrentzat ere.
Kontzertu berezia izango da taldearentzat, «gertuko jendea izango da, auzoan ordu asko pasatzen ditugu, asko gustatzen zaigun tokia da, eta aretoa ere ez delako taberna edo herriko plaza. Toki bereziak eta desberdinak gustuko ditugu».